Proiektua birmoldaketa sakon eta integrala izateko diseinatu dutela zehaztu dute Udaletik. “Ez dugu soilik berrikuntza estetiko bat bilatu; espazio erabilgarriago eta erosoago bat sortzea izan da helburua, bai jubilatuentzat eta baita herritar guztientzat ere”, adierazi du Enetz Ezenarro alkateak. Gaur tabernak eta egoitzak okupatzen duten espazioari jubilatuen ondoko lokal txuria eta Itsasertz arraindegia izan zena gehitu, eta espazio hori guztia izango dute orain egokitzeko. Batetik, jubilatuen egoitza handitu nahi dute, eta bide batez, erosoagoa egin, adinekoen interes eta behar askotarikoei erantzuteko. Eta bestetik, jubilatuen taberna herriko bizitza sozialaren topagune gisa indartu nahi dute. Eta aurreratu dute sortuko duten espazio berri horretan formato txikiko kultur ekitaldiak antolatzeko aukera egongo dela gero. "Herriko tabernak beti izan dira topaleku eta elkarbizitzarako gune, eta hori sendotu nahi dugu”, esan du horren harira alkateak.
Udaletik nabarmendu dute “auzoko erosotasuna eta lasaitasuna bermatzeko” neurri bereziak hartuko dituztela, zarata eta usainen isolamendua hobetzeko, eta era berean, instalazio guztiak erabat berrituko dituztela, gaur egungo estandar eta segurtasun baldintzak betetzeko. Alkateak azpimarratu du herritarren ongizatean eta bizi-kalitatean egindako inbertsio garrantzitsua dela honako hau, eta lanak amaitzean Mendarok "topagune berri, moderno eta bizia" izango duela.