Dultzaineroen kalejirarekin hasiko dute eguna, 10:00etan, eta ordu horretan bertan zabalduko dute azoka ere. Frontoian egokituko dituzte baserritarrentzako postuak, eta Herriko Enparantza buelta osoan jarriko dituzte artisauen erakusmahaiak eta kale saltzaileen postuak. Hori bai, aurten, ez da ganadurik eta hegaztirik ikusteko aukerarik izango azokan. Urrian ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak abere azokak egiteko debekua, mugaz bestaldera behien artean zabaldutako dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea eragozteko. Debekua domekara artekoa zen, San Andres Egunera artekoa, baina astelehenean argitaratu zituzten baldintza berriak, eta Debemenetik jakinarazi dute ezinezkoa izan zaiela hain denbora tarte laburrean dena antolatzea. Horixe izango da aurtengo bi nobedadeetako bat: ez dela animaliarik izango azokan. Bestea, berriz, puzgarriak eta Gabonetako eskulanak egiteko tailerra antolatu dituztela umeentzat, bai eta sagarrarekin egindako produktuak dastatzeko eta haiekin kozinatzen ikasteko tailerra ere, Lizagasarren eskutik. Ikastolan jarriko dituzte puzgarriak, goizez 12:00etatik 14:30era, eta arratsaldez, 16:30etik 19:00etara. Lizagasarren produktuen dastaketa, berriz, frontoian izango da, 10:00etatik aurrera.
Gainerakoan ohiko osagaiak izango ditu ospakizunak. Sagardo Lehiaketa, Mendaroko Gazteak dantza taldekoen dantza emanaldia, eta arratsaldeko erromeria. 11:00etan hasiko dute sagardo lehiaketa, Herriko Enparantzan jarriko duten karpan, eta sagardoak jana ere eskatzen duenez, talo postua ere egongo udaletxeko arkupeetan. Sagardo lehiaketako emaitzak 14:00etan jakinaraziko dituzte, baina aurrez, 12:00etatik aurrera, dantzara irtengo dira Mendaroko Gazteak dantza taldekoak. Hamar bat dantza dantzatuko dituzte dantza eskolako haur eta helduek, eta horra artekoarekin amaituko da goiz partekoa. Bazkaltzeko etena egingo dute gero mendaroarrek. Askok eta askok kuadrillan egingo dute eguneko otordu nagusia, eta horren erakusgarri da herriko elkarte guztiak hartuta daudela aspalditxotik, bai eta taberna eta jatetxeak ere.
Iazko Kontzezio Eguna, irudietan
Erromeria Joselu Anaiak taldearekin
18:00etan, tortilla eta gazta pintxoak salduko dituzte Katubeltz taldekoek, euro baten. Debabarreneko kaleko katuen babeserako sortutako elkartea da Katubeltz eta batzen duten dirua elkartearen autofinantziaziorako izango dute. Karpan izango da hori, eta karpan bertan izango da iluntzeko erromeria ere, Joselu Anaiak taldearekin. 1977. urtean Araian sortutako folk-rock talde ezaguna da Joselu Anaiak, Euskal Herria alderik alde gurutzatua duena erromeriaz erromeria, eta diska ugari plazaratu dituena.