Eguraldi txarrari, aurpegi ona

Barren 2024ko abe. 7a, 22:44

Ez du kalerako girorik egin gaur, baina hala ere, eguraldiak ez du zapuztu Kontzezio Eguneko azoka. 

Festa egun baterako zaparrada mardulak eta aterrune motzak egin ditu gaur egun osoan zehar, baina horrek ez du mendaroarren festarako gogoa zapuztu. 10:00etan zabaldu dute azoka, eta bete da Mendaroko frontoia postuz, baina mugimendu txikia ibili da goizeko lehen orduetan. Eguerdirako, baina, hasi da jendea bistatzen plazara, nahiz salmenta apalak izan dituztela aitortu duten BARRENenek galdekatutako baserritar eta artisauek.

Udalak plaza beteko karpa jarria zuen gaurko Herriko Enparantzan, eguraldi txarra iragarria zegoelako, eta aterpe horretan sagardoa zerbitzatzen aritu dira Arno Guraso Elkartekoak. Hantxe bertan egin dute dantza emanaldia ere Mendaroko Gazteak dantza taldeko haur eta helduek, Ameikutz musika eskolako trikitilari eta txistulariek lagunduta. Udaletxeko arkupeetan, berriz, taloak egin eta egin jardun dira Mieltxo Taloakeko lagunak, bertso eskolakoe jarritako salmenta  postuaren ondoan, eta udaletxeko eskuin hegalean eta atzealdean egokitu dituzte inguruko baserrietatik azokara jaitsi dituzten animaliak. Bustitik joan da goiza, eta 14:00etan sagardo lehiaketako irabazlearen berri eman dute udaletxekoek. Beste urte batez Urdaira sagardotegikoentzat izan da saria, eta Txomin Lizasori jantzi dio txapela Borja Rodriguez zinegotziak. Beste bi sari ere banatu dituzte, baina gaur. Batetik, azokan erosketak egin dituzten guztien artean azokan bertan erositako produktuz osatutako saskia zozkatu dute, eta Ainara Epelderi egokitu zaio saria. Gazta baten pisua asmatzeko jokoa ere egin dute, eta Eneko Bolunbururentzat izan da saria, pisua asmatu ez badu ere, bera izan delako gehien urreratu dena. 

Eguerdian bete dira herriko elkarte guztiak bazkaritarako, eta arratsaldean Fan&Go erromeria taldekoek dantzan jarri dituzte karparen babesera batu diren guztiak. Gogotik egin du euriak eta argia ere joan da une batez ekaitzaren ondorioz, baina jarraitu du festak. Kaleko erromeria amaituta, Gaztetxerako bidea hartu dute oraindik  jai gose zirenek, han Txola ta Potxola herriko DJ gazteen saioa iragarria zuelako Gazte Asanbladak.