'Txillarreko sukaldaria' dokumentala emango dute etzi, barikua, Mendaron

Barren 2025eko azaroaren 26a

Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek sortutako Txillarreko sukaldaria dokumentalaren emanaldia antolatu du Mendaroko Udalak barikurako, azaroaren 28rako. San Agustin kulturgunean emango dute, 18:00etan hasita. 

Pello Rubiori egindako elkarrizketan oinarritu dute dokumentala Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek. 2005-2006ko bake prozesura iristeko, bere etxean, Elgoibarko Txillarre baserrian, egin zituzten otordu-bileren berri ematen du Pello Rubiok dokumentalean [Izen bereko liburua ere argitaratu dute, eta liburu dendetan dago salgai]. 1999. urtean hasi zituzten bilerak Txillarren. Enpresa mundutik eta militantziatik ezagutzen zituen bi lagun elkartu zituen Rubiok bere etxean, Paco Egea eta Arnaldo Otegi, politikoki elkarrengandik urrun zeuden bi mundutakoak, alderdi sozialistakoa bata eta ezker abertzalekoa bestea. Paco Egearen eskutik iritsi zen Jesus Egiguren Txillarrera, eta iritsiko ziren gero beste batzuk ere, alderdi batekoak zein bestekoak. Eta han, bortizkera-egoeratik bake girora egiteko egin ziren bileren berri ematen du Rubiok, bai liburuan eta baita dokumentalean ere.