18:30ean puntuan hasi zuten aurkezpena. Txillarreko sukaldaria proiektuaren sustatzaileetako bat izan den Edurne San Martinek egin zuen sarrerakoa, Asier Ibaibarriaga laguna eta guzti honetan protagonista izan den Pello Rubio Txillarre baserriko jabea ondoan zituela. Aretoa bete egin zen, eta txaloka hartu zituen publikoak. Ikusleen artean, lehenengo lerroan zeuden, 2000. urtetik 2005era Txillarren egin zituzten isilpeko bilera haietan parte hartu zuten protagonistetako batzuk.
Dokumentala ikusi ondoren, hiru protagonistek berriro hartu zuten hitza, eskerrak emateko. Bizitzan egin beharrekoak eginda zituela esanda pozik agertu zen oso Rubio, eta pozik baita ere Txillarren egosi zen prozesua aireratzeko ahalegina egin duten Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martin bera ere. Bien izenean, eskerrak eman zizkien Ibaibarriagak liburua eta dokumentala ontzen lagundu zieten guztiei, bai eta atzoko aurkezpena prestatzen lagundu zietenei ere. Aretoko sarrerak 'Txillarreko sukaldaria' liburua saltzeko mahaia jarri zuten. Eskuratu nahi duenak, hala ere, jakin dezala liburu dendetan eskuragarri dagoela dagoeneko, 13,50 euroan. Liburuak QR kode bat dakar eta hura eskaneatuta dokumentalaren trailerra ikusteko aukera dago orain, baina, aurki dokumental osoa ikusi ahal izango da kode hori eskaneatuta. Lehenengo, baina, herriz herri aurkeztuko dute.