Senegalgo kolorez jantzi da Gaztetxea

Ainara Argoitia 2025eko azaroaren 21a

Ohikoaz oso bestelako kolorea hartu zuen joan zen zapatuan Mendaroko Gaztetxeak. Izan ere, inguruko herrietan bizi diren Senegalgo serer niominka etniako ziento bat lagun elkartu ziren han, jaioberri bati ongietorria egiteko. Irailaren 16an jaio zen Adama Sarr mendaroarra eta hura jendeaurrean aurkeztu, eta bereziki, haren ama Fatou Sarr gurtzeko eguna izan zuen oturuntzara gonbidatutako senegaldarren komunitateak. Izan ere, serertarren kulturan, bizia eman duena da protagonista, ama, umea bera baino gehiago.

Espezia-usain berezia arnas zitekeen bariku arratsalde-iluntzean Mendaroko Garagartza auzoan. Joseba Irazoki musikari nafarraren kontzertua iragarria zuten Gararockeko lagunek, baina ez zirudien usaina San Agustin kulturgunetik zetorrenik. Ez zen Landa jatetxeko parrilla usaina ere. Gaztetxetik zetorren jateko usain hura, baina han atzera-aurrera zebiltzanak ez ziren herriko Gazte Asanbladakoak, ezpada beltzak, senegaldarren komunitatekoak. Bi ez beste guztiak emakumeak ziren, Fatou Sarr mendaroarraren senide eta gertuko lagunak guztiak, eta biharamunean ospatzekoa zuten bataio-oturuntza handirako jakiak prestatzen ari ziren, behegain guztian zabalduta zituzten zilar koloreko erretilutan.

Senegalgo Niodior uhartekoak dira sortzez Mamadou eta Fatou Sarr senar-emazteak, Gandoul lurraldekoak, Serer niominka etniakoak

Gaztetxeko ertz baten oilasko izterrak eta arkume zatiak koipezten ari zen Aminata Sene eibartartutako senegaldarra, lurrean makur-makur eginda eta, haren ondoan, barazkiak txikitzen ari ziren beste hiru emakume, bizkarrean haur txikiak hartuta haietako bi. Oholtzan kantuan ari zen bosgarren lagun bat, Nene Sarr. "Ama izan berriaren lehengusina bi eta lagun minak gara gaur hemen lanean ari garenak, eta gaurko eguna eta biharko jaia girotzeko ardura dauka mikrofonoarekin ikusten duzun horrek, Nenek. Jai handia izango baita biharkoa", azaldu zuen Aminata Senek. Emakume haien artean, gizonezko bi ere bazeuden, garraio-lanetan biak. Mamadou Sarr zen haietako bat, Adama jaioberriaren aita. "Aitari dagokio biharko bataioa antolatzea eta buruz gain dabil, atzera eta aurrera. Senegalgo Niodior uhartekoak dira sortzez gurasoak, Mamadou eta Fatou, Gandoul lurraldekoak, Serer niominka etniakoak. Ni Bassoulkoa naiz izatez, baina etnia berekoak gara gu denok, eta gure kulturan, umea jaiotzea ospakizun handia da, are gehiago Adama bezala zesareaz jaiotzen denean, konplikatua baita hori han".

Erlojuaren kontra ari ziren lanean gure lagunak, biharamuneko gosaria ez ezik, bazkaria ere gertatu behar zutelako, bai eta afaritarako gonbidatu guztiek etxera eramango zuten mokadua ere. Eta laga genituen lanean, musika topera zutela.

Biharamuna iritsi da. Zapatua da. Goizeko seietarako iritsi dira lehenengo gonbidatuak Mendarora, eta luze gabe zabaldu da albistea herrian, herri txiki baten kanpotik horrenbeste jende etortze hutsa albiste izan ohi delako, are gehiago migranteak eta arrazializatuak direnean bisitariak. Mamadou eta Fatou Sarren senideak dira guztiak, gosaltzera etorritakoak. Hemen da Nene Sarr kantaria ere, jende guzti hau alaitzeko. Ahi itxurako jaki bat prestatua diete guztiei Gaztetxean, indarrak hartzeko. Goiz erdirako, dozenaka lagun pilatu dira Gaztetxe inguruan. Pareko aparkalekuan aulkiak eta mahaiak zabaldu dituzte gizonezkoek, eta eseri dira han taldeka, korroan. Lekeitiotik, Berriatutik, Markina-Xemeindik, Mutrikutik, Abadiñotik, Ondarrutik... etorriak direla azaldu digu Amadou Bakou 23 urteko lekeitiarrak, Lekeitioko euskara garbian. Senegalgo arropa biziak jantzita etorri da bera lehengusina jaioberriaren bataiora, "elegante, errespetua erakusteko familiari". Ondoko jolaslekuan, berriz, euretako dozena erdi bat ume ari dira jolasean, euskaraz denak, tartean Amadouren Mendaroko lehengusuetako bat, Assane, Adama txikiaren neba. "Mohamed Buya, Aramatou, Ndiaye, Fatou, Sira, Oussamen, Lamin eta Sadiou dira hauek eta Mutrikutik etorri dira denak, gure arreba Adamaren jaira. Ni Assane naiz, Mendarokoa. Gaztetxean bazkalduko dugu gaur, eta arratsaldean jairako jantziko dira neskak. Laster etorriko da nire ama. Gaur lau soineko jantziko ditu amak, gure arreba jaio zaiolako", azaldu dio kazetariari Assanek.

Serertarren kulturan jai handia izan ohi da bataioa, Amadouren hitzetan. "Umea jaio eta astebetera ospatzen dugu, normalean jai-egun batean, lanean ari diren guztiak jaira batu ahal izateko. Ordura arte gurasoek isilean gordetzen dituzte umearen sexua eta izena, eta astebetera, imana etortzen da eta aurkezten diote umea komunitateari gurasoek. Nolanahi ere, amaren jaia izaten da, eta gaur ere hala izango da".

13:00ak pasatxoan iritsi dira gurasoak Gaztetxera, autoz, ezkontza baterako moduan jantzita. Angel Vidal bizilagunak egin dizkie gaur gidari lanak, eta haiekin batera jaitsi dira autotik amaren laguntzaile izendatutako Saioa Andonegi eta Garbiñe Imaz, kolore bereko tunikak eta burukoak jantzita. Atarian zain dituzte senide eta lagunak, sakelako telefonoak eskutan, bai eta Alimatu Sengor eta Edu Zubiaurre ama eta aita besoetakoak ere, Adama txikiarekin. Kantu eta dantza artean hartu dute protagonista nagusia sarreran, eta sartu dira Gaztetxera denak, gurasoen atzetik. Eta hasi da jaia. Senegalgo musika tradizionala jarri eta denak emanda jardun dira dantzan emakumeak eta aita izan berria, harik eta bazkaltzeko ordua iritsi den arte. Sartu dira orduan kanpoan berriketan zeuden gizonezko banaka batzuk barrura, jateko bila, eta zerbitzatu diete jana emakumeek erretilu handitan. Kanpoan bazkalduko dute gizonezkoek, eta barruan emakumeek, tradizioari jarraiki.

Serertarren kulturan, ume jaioberria barik ama da protagonista, eta hura gurtu dute senide eta lagunek. Bataioan, lau soineko estreinatu ditu amak

Bazkalostean berriketarako tartea hartu dute gonbidatuek eta joan da ama etxera, arropaz aldatzera. Sorterritik bidali dizkiote senideek jositako jantziak amari, lau soineko guztira, zein baino zein ikusgarriagoak, eta eguneko bigarrena janztera alde egin du. Bitartean, berriketan eta kantuan laga ditugu gonbidatuak Gaztetxean, kanpo eta barru. Apaldu da pixkat jaia, musikak etenik ez duen arren. Zaila da elkar entzutea ere.

15:00ak alderako itzuli da berriro ama, autoz, laguntzaileak ondoan hartuta, animalia-estanpatuko soineko dotorea soinean, sabanako tigre eme baten tankeran, ezin dotoreago. Hura iritsi denerako, emakume gehiago ere azaldu dira Gaztetxera, Senegalgo arropa tradizionalak jantzita, alajaz beteta. Eta estreinakoz ama agertu denean egin duten modu berean sartu dira Gaztetxera, kantuan eta dantzan, guraso izan berrien atzetik. Mikrofonoa hartuta etengabe animatzen ditu oholtzatik Nenek gonbidatuak dantzara, baina ez dago han mikrofonotik ezer esan beharrik horretarako. Emakume guzti haien artean, ekin dio dantzari Mamadou aitak ere. Odolean daramate erritmoa afrikarrek, eta ez da harritzekoa, bizkarrean haur txikiak hartuta ikusi ditugulako haietako zenbait, biharamunik ez balego moduan dantzan. Baina, halako batean, jaiak goia jo duela zirudienean, alde egin du berriro amak ospakizunetik etxera, eta haren atzetik, beste emakume eta neskatila ugarik ere bai, nork bere maletatxoa hartuta. "Dantzarako apain jartzera joan dira. Hirugarren jantzia jantziko du amak, eta hura gurtzeko prestatuko gara gu ere; bera babesteko gaude hemen-eta", azaldu digu Senek. Bitxia da ospakizuna serertarrak ez garenon begietara. Sartu-irten ari da protagonista nagusia jaitik, eta gure bataioetan begirada denak hartuko lituzkeena, Adama, kapazuan lo dago, ertz batean. Bularra emateko ateratzen du amak, eta atzera lo hartzen du haurrak, zintzo, amaren eguna dela igarrita balego moduan.

Fatou hirugarren soinekoa jantzita agertu denerako, galako jantzita daude gonbidatu emakumezko guztiak, eta dena da kantu eta dantza Gaztetxean. Itxura baten, gero eta askeago ari dira dantzan, elkarri erronka joz ari balira moduan, batak bestea berotuz. Gaztetxera beste mendaroar banaka batzuk ere gerturatu dira ikusmiran, ikustekoa baita dantzaldia. Oinutsik ari dira denak dantzan, Gaztetxeko sarreran itsatsitako Barren zahar baten azalean ageri den Jose Mari Ondarza zenaren eskolakoak balira moduan. "Hanka hutsik nabiletik beti bero dauzkat oinak", irakur daiteke Ondarzaren hitzetan Gaztetxeko sarreran, baina gaur hemen ari direnek, oinak ez ezik bihotzak ere bero dituzte. Hala ere, laugarren eten bat behar du jaiak, Fatou eta haren laugarren soinekoa miresteko. Gaztetxean bertan jantzi du laugarren arropa, eta hura bistatzearekin batera hasi dira lagunak afaritarako jana banatzen gonbidatuei, poltsatxotan sartuta. Etorri izana eskertzeko modu bat dute senegaldarrek hori, haien eskuzabaltasunaren erakusgarri. Poltsatxoa hartu, lagunak agurtu eta badoaz batzuk etorritako bidetik. Hustuz doa Gaztetxea, baina azkena etxeratu arte jarraituko du Renek kantuan.

Mendaroko Gaztetxean ospatutako bataioa, argazkietan: