Etxeko energia kontsumoa neurtzeko erremintak jarri dituzte herritarren eskura udalek eta Debegesak

Barren 2025eko azaroaren 4a

Energia Argituz kanpainaren barruan, etxeko energia kontsumoaren neurketa sinpleak egiteko erremintak eskaintzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta ekimen horretara batu dira Elgoibarko eta Mendaroko Udalak eta Debegesa ere.

Zerbitzu horren baitan, herritarrek beren etxeetan neurketak egiteko tresneria osoa eskuratu ahal izango dute maileguan maleta batean sartuta. Maletan, esan bezala, askotariko erremintak daude: aire-ihesen detektagailua, termometroa eta higrometroa, erradiadoreen purgagailua, entxuferako elektrizitate kontsumoaren neurgailua, hozkailurako termometroa eta uraren emaria neurtzeko kronometroa. Arduradunek zehaztu dute, erreminta horiek erabiltzeko ez dela inolako ezagutza teknikorik behar. Maletan, gainera, erreminta bakoitzaren inguruko  jarraibideak ere topatuko ditu herritarrak, bai eta galdetegi bat ere. Galdetegian, etxebizitzako ezaugarrien inguruko galderak datoz eta, galdetegia betetzen dutenek, fakturan aurrezteko aholku batzuk ere jasoko dituzte, emandako erantzunetara egokituta.

Nola eskuratu maletatxoa

Mendaron Udaletxeko harreran eskuratu daiteke maleta eta Elgoibarren, Herritarren Arreta Bulegoan. Mailegu bidez, hamalau eguneko epea izango dute gero herritarrek erabili eta berriro itzultzeko. Eskuratzeko, identifikazio dokumentuaren fotokopia aurkeztu beharko dute, eta maletatxoaren eta erreminten erabilera arduratsua egingo duela ziurtatu beharko dute, horretarako dokumentu bat sinatuta. 

Informazio gehiago eskuratzeko edo zalantzaren bat argitzeko, hona harremanetarako eman dituzten bideak:  943 820 110 telefono zenabakia edo agenda2030@debegesa.eus.