Lehiakideak baino koska bat gorago dagoela erakutsi du Iker Vicente aizkolari otsagabiarrak Euskal Herriko Aizkolarien Txapelketa nagusiko finalean. Pronostiko guztiak bete ditu nafarrak, eta laugarrengo aldiz jantzi du Euskal Herriko txapela. Moztu beharreko hamabi enborrak 39 minutu eta 46 segundoan ebagi ditu Vicentek, gainerakoei alde handia aterata.
Bigarren posturako lehia izan da eguneko unerik zirraragarriena, pare-parean eman baitute azken enborrean buelta erdia Hodei Ezpeletak eta Mikel Larrañagak. Mendaroarra azpeitiarra baino indar handiagoarekin ailegatu da azken txanpara eta iaz lortutako postuari eutsi dio, lortzeko bidea oso bestelakoa izan den arren. Ezpeletak 43.47 denboran amaitu ditu lanak, eta 52 segundo gehiago erabili ditu Larrañagak.
Ezpeletak era ikusgarrian egin du gain-azpi finalean. Asko trabatu da oinbikoak aurrenekoz ebaki dituenean, eta lan erdietan azkenaurreko postuan zegoen. Finalaren bigarren zatian, baina, Iker Vicente izan da maila berean, edo are indartsuago, jarraitu duen bakarra. Gainerakoek gorabehera handiak eduki dituzte. Ezpeletak, adibidez, erakustaldia eman du bosgarren postutik bigarrenera heltzeko. Aldiz, lan erdietan bigarren postuan zegoen Txikia IV.a azkoitiarra hustu egin da eta laugarren npostuan amaitu du azkenean eta Larrañagak ere txakalaldia izan du azken aizkorakadetan.
Ezpeleta: "Espero ez nuen postuan amaitu dut"
Uste zuena baino okerrago hasi zuela finala aitortu du Ezpeletak probaren amaieran. "Urduri etorr naiz eta hasieran azkena ere ikusi naiz. Hirugarren eta laugarren oinbikoak hobeak izan dira, gorputza ere askeago sentitu dut-eta orduan. Lagunen, aitaren eta etorri diren guztiez laguntzaz, sufrituta lortu dut aurrera egitea, eta espero ez nuen postuan amaitu dut. Momentuko pozarekin gelditzen naiz", esan du txapeldunordeak. Hona hemen finaleko sailkapena:
- Iker Vicente (39.36).
 - Hodei Ezpeleta (43.47).
 - Mikel Larrañaga (44.39)
 - Julen Alberdi Txikia IV.a (45.42)
 - Julen Gabirondo (47.05)
 - Xabier Zaldua (47.38)
 
*Argazkiak: Andoni Elduaien / Guka