Hodei Ezpeleta Euskal HerrikoTxapelketaren finalean lehiatuko da domekan

Barren 2025ko urr. 29a, 15:44

Ezkerretik eskuinera, Gabirondo, Vicente, Zaldua, Ezpeleta, Larrañaga eta Txikia IV.a. (Arg: Andoni Elduaien)

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolari Txapelketaren final nagusia jokatuko dute domeka eguerdian (12:00) Azkoitiko Gurea frontoian. Finalera sailkatzea lortu duten sei aizkolarien artean dago Hodei Ezpeleta mendaroarra, iazko txapeldunordea.

 Kanaerdiko lau enbor, 60 ontzako beste lau eta oinbiko lau enbor ahalik eta azkarren moztea izango dute egitekoa Ezpeletak, Iker Vicentek, Julen Alberdik, Mikel Larrañagak, Xabier Zalduak eta Julen Gabirondok.
"Euskal Herriko eta munduko aizkolaririk onenak izango dira Azkoitian, eta beren onena emango dute guztiek, horretarako prestatuta daude eta", adierazi du Igor Duñabeitiak, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko presidenteak, domekako finala aurkezteko gaur Azkoitian egin duten aurkezpen ekitaldian. 

Igandeko finala frontoian ikusi nahi dutenentzako sarrerak igandean bertan aterako dituzte salmentara. Gurea frontoiko leihatilan eskuratu ahalko dira horiek finala hasi baino bi ordu lehenago –10:00etatik aurrera, alegia–; 40 euroan salduko dituzte.

Iaz, Iker Vicentek irabazi zuen txapela Gasteizen, lanak 35 minutu eta 39 segundoan amaituta –duela bi urte baino bost minutu eta erdi azkarrago ebaki zituen iaz–. Hodei Ezpeleta sailkatu zen bigarren, Vicentek egindako denboratik lau minutu eta erdira. Podiumeko hirugarren koskara, berriz, Jokin Urretabizkaia Basozabal igo zen, lanak 40 minutu eta 53 segundoan amaituta.