Sei aizkolari lehiatu ziren 2024ko Euskal Herriko Aizkora Txapelketa Nagusiko finalean: Hodei Ezpeleta (2021eko eta 2022ko txapelduna), Julen Gabirondo, Jokin Urretabizkaia Basozabal, Joxean Etxeberria, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Iker Vicente (2019ko eta 203ko txapelduna). Ohi legez, aizkolariek Euskal Herriko Txapelketan osatuko zituzten urteko lanik mardulenak, federazioaren lehiari dagokionez bederen: launa kana erdiko (54 ontzako enborrak dira), 60 ontzako eta oinbiko (72 ontzakoak) moztu zituzten Gasteizko Iradier Arenak hartu zuen lehian. Iker Vicente nagusitasun handiz gailendu zen eta hirugarren txapela eskuratu zuen. Iaz baino ia sei minutu gutxiago behar izan zituen lanak amaitzeko eta final bateko bere markarik onena egin zuen 35 minutu eta 39 segundoko denborarekin. Txapelketako marka sei alditan txapeldun izandako Angel Arrospidek egin zuen 1993ko finalean: 29:57. Finalean aritu ziren gainerako aizkolarien arteko lehia estua izango zela esana zuten protagonistek eurek, kanporaketan ikusi baitzuten Vicente kenduta besteak minutu baten barruan sartu zirela. Hodei Ezpeleta izan zen horietan onena, 40:09ko denborarekin. Basozabal sailkatu zen hirugaren postuan (41:02).
Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligako finala
Egungo lau aizkolarik indartsuenek XXI. Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala jokatu zuten azaroaren 1ean Arrietako (Bizkaia) pilotalekuan. Iker Vicente, Hodei Ezpeleta, Julen Alberdi eta Mikel Larrañaga aritu ziren lehian eta Vicenterentzat izan zen garaipena. Lau zati izan zituen aizkolarien lanak. Aurrena 45 ontzako enbor bat kolpeka ebaki zuten; ondoren, beste bat erlojupekoan; gero, 65 ontzako bat abiadura proban; eta bukatzeko, 60 eta 65 ontzako enbor bana moztu zituzten. Esan moduan, Iker Vicente izan zen lanak amaitzen azkarrena (14:54). Txikia IV.ak hamabost minutu eta 47 segundo behar izan zituen; eta Larrañagak hamasei minutu eta 34 segundo. Laugarren eta azken Hodei Ezpeleta gelditu zen, hemezortzi minutu eta 46 segundoko denborarekin.