Elgoibar, Mendaro eta Deba artean bidegorria egin dezatela eskatzeko herri-ekimena hasi dute Mendaron

Barren 2025ko urr. 24a, 16:02

Elgoibar, Mendaro eta Deba arteko bidegorria eraikitzea eskatzeko, bilera egin zuten atzo Mendaron, herritar talde txiki batek deituta. Guztira, 40 bat lagun elkartu ziren talde eragilea sortzeko batzarrera eta ondoren egin zuten talde-argazkira.

Elgoibar, Mendaro eta Deba lotuko dituen bidegorria eraikitzeko prozesua abia dezatela eskatu nahi diete agintariei. Taldea sortzeko deia egin zutenek bi arrazoi nagusi eman zituzten atzo elkartzeko: batetik, gogorarazi zuten bi urte igaro direla Elgoibarko eta Mendaroko Udalek Altzola eta Mendaro lotuko lituzkeen bidegorria eraikitzeko proposamena aurkeztu zutenetik eta salatu zuten geroztik ez dutela ezer jakin horren inguruan. Eta bestetik, nabarmendu zuten momentuan ez dagoela Mendaro eta Deba bidegorriz lotzeko proposamenik idatzita.

Altzolan egin zuten Elgoibar eta Mendaro lotuko lituzkeen bidegorriari buruzko aurkezpen hura, 2023an, eta bi udaletako ordezkariek nabarmendu zuten proposamena zela aurkeztu zutena eta Aldundiarekin adostu behar zutela trazatua, ondoren proiektua idaztea lizitaziora ateratzeko. Kostuaren estimazioa ere egin zuten, 3 milioi eurokoa. 

Bilerara deitu zutenen arabera, bidegorria eraikitzea lehentasunezko gaia izan beharko luke eta gogorarazi zuten hala esan zutela mendaroarrek duela zenbait urte Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontuak zehazteko herriz herri egin zuen kanpainaren baitan. Haien esanetan, bidegorria eraikitzeko arrazoiak bistakoak dira: bizi-kalitatea hobetzeko aukera emango luke, mugikortasun jasangarriaren alde egitea litzateke, ariketa fisikoa egitea bultzatuko luke eta eskualdeko herrien arteko kohesioa lantzeko balioko luke. Horregatik guztiagatik, premiazkoa irizten diote gaia agenda politikora ekartzea, eta horixe xaxatu nahi dute. Horretarako sortu nahi dute taldea, eta atzokoa lehendabiziko bilera izan zen. Aurrera begira eman beharreko pausoak adostu zituzten, besteak beste, Elgoibarren eta Deban aurkezpenak egitea eta, tokian tokiko eragileen bitartez, jendea taldera erakartzea. 

Atzoko bileran ez zuten zehaztu noiz izango diren aurkezpen horiek, baina egunak lotu bezain laster jakinaraziko zutela agindu zuten. Bitartean, taldera batu nahi duenak edo ekarpenen bat egin nahi duenak ondorengo helbide honetara idatzi dezake: bidegorrianoiz@gmail.com