Aipatu dute proposamen hau idazteko, hainbat bilera egin dituztela Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta beste bilera bat eskatua dutela Mugikortasunerako Departamenduan, han aurkezteko, eskumena Aldundiarena delako.
Altzola eta Mendaro bidegorriz lotzeko aukera ezberdinak daudela zehaztu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izandako lehenengo bileretan, beste bat zela Mugikortasuneko Departamendutik jaso zuten proposamena: Deba ibaiaren ondoan pasealeku bat sortzea bidegorri gisa erabiltzeko. Aukera horretan, baina, Lanbi inguruan, 634 errepidea gurutzatu beharko lukete bidegorriaren erabiltzaileek, eta hori saihesteko, beste alternatiba hau da bi Udalek Mugikortasun Departamenduan proposatu nahi dutena. Altzolatik Mendarora, ezker aldetik eraikitzea bidegorria, autobidearen eta 634 errepidearen artean hiru metro zabaleko pasealekua eraikita. 1,67 kilometro luzeko bidegorria litzateke eta egindako estimazioen arabera, 3 milioi euroko kostua izango luke. Hala ere, Josu Arraiz Elgoibarko Hirigintza Saileko zinegotziak nabarmendu du kostua txikiagoa izan ahalko litzatekeela, baldin eta lursailari eusteko lanak aurreikusitakoak baino txikiagoak badira. Zailtasunik handienak trazatuaren lehenengo partean eta Lanbi parean aurreikusten ditu Arraizek.
• Sarrera Altzolako hilerri ondotik
Sarrera Altzolako hilerri ondotik egitea aztertu dute beren proposamenean, eta azpimarratu dute horrek bidea emango lukeela hilerriko arrapalaren sestra ere egokitzeko. Proposamen honetara iritsi aurretik, beste aukera bat ere aztertu zutela aipatu du Iñaki Arregi alkateak. Mendaroko eta Altzolako ur zikinak Apraizko araztegira eramateko proiektuarekin batera egitea bidegorria, kolektore-sarea eraikitzeko obra baliatuta, baina baztertu dute aukera hori, besteak beste kolektoreak ez duelako lerro bat jarraituko eta ibaiaren eremuan sartzeak bestelako konplikazioak dakartzalako.
Proposamena da aurkeztu dutena. Aldundiarekin adostu behar dute orain trazatua, eta adostutakoan, proiektua idaztea lizitaziora atera beharko dute gero, eta behin idatzita dagoenean, exekuzio proiektua lizitatu.
Ermua eta Elgoibar arteko konexioa egina dagoela nabarmendu du Ane Beitia alkateak eta lanean jarraitzeko konpromisoa dutela zehaztu du Elgoibar eta Mendaro Deba-Mutrikurekin eta Soraluzekin batzeko. Horren harira, eta kazetariek egindako galderei erantzunez, Josu Arraizek Altzolatik Elgoibarrera bidegorria eraikitzeko aukeraren inguruko azalpenak eman ditu. Altzolako trenbide saihesbidea eraikitzeko obrarekin lotua ikusten du bidegorria eraikitzea. Euskal Trenbide Sareak lizitaziora aterata du Arriaga auzoaren eta Altzolaren arteko trenbidearen trazadura aldatzeko obra. Lan horien helburua da trenak bi puntu horien artean N-634 errepidearen paraleloan egiten duen bihurgune handia kentzea, eta horren ordez tunel bat jartzea, distantzia hori lerro zuzenean gainditu ahal izateko. Trazadura aldatze horrek gaurko trenbidea etorkizunean bidegorri gisa erabiltzeko aukera ematen duela gogoratu du Arraizek.
Hona egin duten proposamena plano batera eramanda: