2023ko azaroan sortu zuten ofizialki Mendaroko Suharri kultur elkartea bost lagunek, baina aurreragotik hasita zeuden lanean Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Ikerketa Taldekoekin elkarlanean. 2023ko otsailaren 3an, taldeko batek, Oier Quirogak, gizakiak egindako markak izan zitezkeenak topatu zituen Santakutz kobazuloan, eta partekatu zituen haiei egindako argazkiak Alvaro Arrizabalaga arkeologoarekin. Astebetera itzuli zen berriro kobazulora Quiroga, Joseba Olazabal taldekidearekin, eta beste marka batzuk identifikatu zituzten. Berriro ere argazkiak Arrizabalagari bidali eta, itxura ona hartuta, martxoaren 4rako zitatu zituen hark. Cesar Gonzalez Kantabriako Unibertsitateko arkeologoa ekarri zuten hitzordu hartara, labar-artean aditua dena, eta hark egiaztatu zuen marka haiek buztin bigunean gizakiak puntzoi edo zikai batekin egindako grabatuak zirela, zenbait zeinu eta interpretatzen zailak ziren irudi ez figuratiboak, baina bisonte batenak eta ahuntz batenak izan zitezkeenak, eta uste guztien arabera, Goi Paleolitikoan eginak.