Suharri kultur elkartekoek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Ikerketa Taldekoek Mendaroko Santakutz kobazuloan topatu duten labar-artea aurkeztu dute gaur Mendaroko udaletxean. Buztin bigunean gizakiak puntzoi edo zikai batekin egindako grabatuak dira, zenbait zeinu eta interpretatzen zailak diren irudi ez figuratiboak, baina bisonte batenak eta ahuntz batenak izan daitezkeenak arkeologoen hitzetan, eta uste guztien arabera, Goi Paleolitikoan eginak. Kantabriako Unibertsitateko Cesar Gonzalez Sainz arkeologoak egiaztatu ditu irudiok, eta hark azaldu duenez, irudi ikusgarriak izan ezta ere, garrantzi handikoak dira, berresten dutelako Deba bailarak historiaurrean gure lurraldean izan zuen garrantzia. Santakutz kobazuloko grabatuek Gipuzkoan identifikatutako 14. multzoa osatzen dute, eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatuak zehaztu duenez, 2018az geroztik etenda zegoen ikerketa-ziklo bat zabaltzen dute berriro ere.
Maria Jose Iriarte Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko Ikerketa Taldeko arkeologoak eta Cesar Gonzalez Sainz Kantabriako Unibertsitateko arkeologoek eman dituzte azalpenak, baina haiekin batera Goizane Alvarez Foru Aldundiko Kultura diputatuak eta Enetz Ezenarro Mendaroko alkateak parte hartu dute prentsaurrekoan. Biek ala biek esan dute aurkikuntza honek Gipuzkoako historiaurreari buruz dugun ezagutza zabaltzen duela eta administrazioen, ikertzaileen eta tokiko elkarteen arteko lankidetzaren balioa erakusten duela. Eta esker on berbak izan dituzte biek, bai unibertsitateko irakasle eta ikertzaileentzat, eta baita Mendaroko Suharri kultur elkartekoentzat, haiek izan zirelako gaur aurkeztu duten labar artea topatu zutenak.
Santakutz kobazuloa 1985ean aurkitu zuten
Santakutz kobazuloa Garagartzako partean dago, Santa Ana ermita gaineko harrobia amaitzen den lekuan, Santa Anara begira jarrita, ezkerretara (ikus kokalekua). Kobazulo txikia da, sarrera estukoa eta umela oso, eta bi gela txiki dituena barruan. Lanerako leku estua da eta katuka ibili beharra dago barruan. 1985ean aurkitu zuten Azkoitiko Munibe taldekoek, eta bereziki, fauna eta harrizko materialen hondarrak dokumentatu zituzten orduan. 2023an, Suharri elkarteko kideek, gizakiak egindakoak ziruditen zeinu batzuk topatu zituzten bertan eta EHUko ikertzaile Maria Jose Iriarte eta Alvaro Arrizabalaga arkeologoek ziurtatu zuten gero grabatu paleolitikoak zirela. Zehazki lau panel txiki dira topatu dituztenak, eta horien artean, bisonte baten eta ahuntz baten bukatu gabeko irudiak daude. Era berean, baina, irudirik osatzen ez duten zenbait marra ere identifikatu dituzte bigarren gelan, 3X2 metro eskaseko espazioan.
Santakutz haitzuloaren kanpoko aldean egindako arkeologia-lanetan, bereziki, faunaren aztarnak topatu dituzte, baina baita material litikoarenak ere. Hala ere, Maria Jose Iriartek zehaztu du, gizakiak utzitako aztarnak gutxi direla. Silex pieza bi topatu dituzte, bata 1985ean, eta bestea oraintsu. Horregatik guztiagatik uste dute noizean behin bakarrik erabili izan zutela giza taldeek haitzulo hori. Zehaztu dutenez, paretetako koprolitoek -hienen gorozki fosilizatuek- eta atzamarkaden markek erakusten dute batez ere animaliak bizi izan zirela bertan, besteak beste, hartzak, basahuntzak, oreinak eta hienak.
Cesar Gonzalez Kantabriako Unibertsitateko arkeologoak argi esan du topatu dituzten irudiak ez direla beste leize batzuetan agertu diren irudiak bezain ikusgarriak, baina hala ere, balio handikoak direla nabarmendu du. “Santakutzen topatu dugun labar artea ez da Ekainen eta Altxerrin agertu dena bezain ikusgarria. Kobazulo haietako margoak egin zituztenak benetako artistak izan ziren, baina artistak ez zirenak ere jardun ziren margoak egiten, eta haien lana ere oso aintzat hartzekoa da, labar-arte paleolitikoaren mapa osatzen laguntzen duelako. Santakutzeko haitzuloko aurkikuntzak erakusten du Mendaro inguruak eta Deba bailarak garrantzi handia dutela Gipuzkoako arte paleolitikoaren testuinguruan". Eta nabarmendu du aurkikuntza honek gehiago etorriko diren ustea berresten duela: "Garbi daukagu hau ez dela kontu isolatu bat, eta seguru gaude inguru honetan denok topatu nahiko genukeen kobazulo ikusgarri horietako bat egon badagoela eta agertuko dela”.