Hamabi lagunek parte hartu zuten zapatuan Mendaron antolatu zuten aire libreko margo lehiaketan: bederatzi lagunek helduen kategorian eta hiruk 14 urtez azpikoetan. Epaimahaia, berriz, Aitor Etxeberria margolari eta eskulturgile mendaroarrak eta Jaime Zamakola margolari debarrak osatu zuten, eta Rikardo Azkargortaren margolanari eman zioten lehenengo saria: 700 euroko txekea. Bigarren lanik onena, berriz, Jose Miguel Arranzena izendatu zuten, eta 500 euro jaso zituen saritzat. Bi accesit ere banatu zituzten, eta Esteban Oroz eta Iker Mugarrak jaso zituzten (300na euro). 14 urtez azpikoetan, berriz, hiru lagunek parte hartu zuten, Aitzol Larreak eta Aintza eta Jon Mendikute neba-arrebek, eta oroigarri bana jaso zuten hirurek.
Aire libreko margo lehiaketaren egun berean Leire Lazkanok margotutako harri bila ere ibili ziren ume asko herrian barrena. Argazki bilduman Leire berarekin batera ageri diren neskak jolasa prestatzen lagundu zioten lagunak dira. Zehazki, harriak ezkutatzeko ardura hartu zutenak.
Arg: Lurdes Rodriguez eta BARREN