Aire libreko margo lehiaketako partaideek nahi duten teknika, formato eta euskarria erabili ahal izango dute, eta 09:00etatik 12:00etara zigilatuko dizkiete euskarriak Herriko Enparantzan. Margolanak, berriz, 13:00ak eta 14:00ak bitartean aurkeztu beharko dituzte artistek, leku berean, eta sei sari banatuko ditu Udalak: lau helduetan, 700 eta 500 euroko bi eta 300na euroko bi accesit, eta bi gazteen sailean; bata A kategorian (HH2-LH2) eta bestea B kategorian (LH3-DBH3). Saritutako lanak erakusgai jarriko dituzte gero urriaren 3tik 5era, Lagun Betikoaken: 12:00etatik 14:00etara goizez, eta 18:00etatik 20:00etara arratsaldez.
Altxorraren bila
Margo lehiaketa eguna dela aprobetxatuta, Leire Lazkano mendaroarrak Altxorraren bila jolasa antolatu du, bigarrengoz. 2022ko hartan egin bezala, dozenaka harri margotu ditu eta herriko nerabe talde baten laguntzarekin herrian zehar ezkutatuko ditu, bihar, 10:00etatik aurrera, herriko haurrak haien bila has daitezen. Eta nabarmendu dute hori, haurrentzako jolasa dela, estreinakoz antolatu zutenean heldu asko ibili zirelako jolasa hasi aurretik seme-alabentzako margotutako harri bila.
Oporretan egindako egonalditik ekarritako harriak dira Lazkanok margotu dituen gehienak, urak biribildutakoak, eta M&Ms goxokien itxura eman die guztiei, pintzel fina hartuta [2022koan Doraemon marraztu zuen haietan]. Ahoz komunikatzeko zailtasunak ditu Leirek, baina sormen gaitasun handia, eta asko entretenitzen da margotzen, "gosaldu behar duela ahazteraino behin hasitakoan", Kathe Muñoz amaren esanetan. Harena da ekimena. Kontatu du alaba pantaila aurretik kentzeko sortu zuela jolasa, Interneten ikusita. "Zerbait asmatu beharra geneukan denbora pasatzeko, bere adinkideak beste kontu batzuetara daudelako eta zaila duelako lagunak egitea. Eibarren dabil lanean, Gureak enpresan, eta garai batean Atzegiren Txolarte programan ere ibili zen, baina aspertu zen han eta orain hemen ibiltzen naiz zerbait asmatu nahian, etxetik irtetera bultzatzeko, lagaz gero sofan egongo litzatekeelako egun osoan. Harriak biltzeko aitzakian behintzat ibili egiten da, eta denbora betetzen dugu etxean", azaldu du amak. Alaba bezala ama ere zalea da, eta berak laguntzen dio harriei berniza ematen. Ezkutatu ere biek egin zituzten estreinako aldi hartan, baina oraingoan herriko nerabe kuadrilla batek ezkutatuko dizkie, faltako direlako eurek asteburuan Mendaron.
Izan ere, hasiera batean ekainean egitekoa zuten jolasa, Garagardo azoka solidarioaren testuinguruan, baina jakin dute aurten urriaren 17tik 19ra antolatuko dutela azoka, eta jolasa gehiago ez atzeratzea erabaki dute. Hori bai, faltako direnez eta jolastuko direnen poz aurpegia ikusteko aukerarik izango ez dutenez, argazkiak eskertuko lituzketela esan dute.