"Podiumera igotzeko aukerak izan ditzaket, baina irabaztea oso zaila izango da". Halaxe aitortu zion BARRENi gidari gazteak orain hurrengo eman zion elkarrizketan. Espainiako Kopa eta Espainiako Txapelketa irabazita sailkatu zen Gimenez Munduko Trialsin Txapelketarako, eta atzo eta gaur, munduko onenenekin lehiatu da Vicen (Katalunia). Atzo, zapatua, jokatu zituzten finalerdiak. 37 gidari lehiatu ziren guztira eta lehenengo hamabiak sailkatu ziren gaur jokatu duten finalerako. Alvaro laugarren postuan sailkatu zen finalerako.
Gaur izan dute final handia. 30 pauso zituzten guztira zirkuituan gainditu beharrekoak, baina pauso bakoitza birritan egin beharra zuten. Pausoetako bi ezin izan ditu egin Gimenezek, eta hor 40 puntu galdu ditu, pauso bakoitza ondo egiteagatik 10 ematen zituztelako. Hala ere, besteetan egindako lan onak podiumean sartzeko aukera eman dio, eta pozarren agertu dira bai gidaria bera eta baita haren etxekoak ere. Guillermo Montoya katalurriarrak irabazi du Munduko Txapelketa, maila bat goragoan lehiatzen ari denak bere gorpuzkera sendoagatik, eta denboraldi osoan Alvarok orpoz orpo izan duen Alex Rodriguez kataluniarra sailkatu da bigarren.
Alvaroren ezaugarriak aintzat hartuta, zirkuituan oreka gaitasunak erakusteko pauso edo ariketa gutxitxo izan dituzte aukeran, eta indarra erakustekoak gehiago, baina ez uste zituztenak bezain gogorrak. "Guk aukeran nahiago genuen orekako ariketak zailagoak edo gogorragoak izan balira, Alvaro ondo moldatzen delako halakoetan, baina bestetik esan behar dugu indarra erakusteko eremuak gehiago izanda ere, ez direla izan guk espero genituenak bezain gogorrak, errazik izan ez bada ere. Beraz, zirkuitoa nahiko orekatua izan da", aitortu du Iban Gimenezek, Alvaroren aitak. "Oso harro gaude semeak egindakoarekin. Berak badu pena moduko bat, uste duelako ariketaren bat hobeto egin zezakeela, baina guk esan diogu oso-oso lasterketa ona egin duela eta oso pozik eta harro gaudela denboraldi osoan egin duen lanarekin, erakutsi duen kemenarekin eta saiatu den guztiagatik", gehitu du gidariaren aitak.