Munduko Txapelketa irabaztea zer den badaki ondo Gimenezek, 10 urte zituela irabazi baitzuen, Wadowicen (Polonia). Gerora beste bi aldiz sailkatu da Munduko Txapelketarako, 13 urterekin eta 14 urterekin. Polonian jokatu zuen 13 urte zituela eta hamabigarren sailkatu zen, eta Duranako kontzejuan (Araba) jokatu zuen 14 urterekin eta laugarren egin zuen. Bere onena emateko gogo biziz dago orain.
Espainiako Txapelketa irabazi berri duzu Madrilen, Guadalix de la Sierran. Zer nolako esperientzia izan da?
Oso esperientzia ona izan da eta oso pozik nago emaitzarekin. Bost eremutan banatu zuten zirkuitoa, gune bakoitzeko sei pauso gainditu behar ziren eta lehia gogorra izan nuen bigarren egin zuen Alex Rodriguez Kataluniako selekzioko ordezkariarekin. Puntu kopuru bera lortu genuen, 460, baina nik akats gutxiago egin nituen eta horregatik irabazi nuen. 60 puntu eskuratu zitezkeen gehienez gune bakoitzean, eta nik berak baino gune gehiagotan lortu nuen puntu kopuru hori.
Euskadiko selekzioak deituta joan zara Espainiako Txapelketara. Zer bide egin behar izan duzu hara iristeko?
Asko entrenatu naiz eta emaitza onak lortu ditut denboraldian zehar. Horregatik deitu nau Euskadiko selekzioak Espainiako Txapelketarako. Izatez, Espainiako Txapelketara zeure kabuz ere joan zaitezke, selekzio batek deitu gabe, baina ez da normalena, selekzioren baten izenean joaten direnak maila handikoak izaten direlako. Selekzioarekin joanez gero, gainera, federazioak ordaintzen digu hotela-eta, baina bakarka doazenek ez dute laguntzarik izaten. Munduko txapelketarako sailkatu ahal izateko, berriz, aurten bost lasterketa puntuagarri izan dira: Espainiako Txapelketa eta Espainiako kopako lau, jokatu ditugunak Murtzian bi, Caspen bat (Zaragoza) eta Cambrilsen bestea (Tarragona). Proba horietako emaitzak kontuan hartuta, herrialde bakoitzetik eta kategoria bakoitzeko bost gidari sailkatzen dira munduko txapelketarako, baina aurten, munduko txapelketa hori Espainian jokatuko denez [Kataluniako VIC herrian jokatuko dute 16 urtez azpikoen munduko txapelketa, uztailaren 25etik 27ra: World Youth Games], estatutik seigarren batek ere joan ahal izango du, herrialde antolatzaileak aukera hori izaten duelako. 16 urtez gorakoek, juniorrek eta elitekoek, Abu Dhabin jokatuko dute finala.
Mendaron jaietan gaudenean jokatuko duzu munduko txapelketa, hiru egunetan. Zer da egun bakoitzean egin beharrekoa? Santanetan jokatze hori zer da zuretzat?
Lehenengo egunean, selekzioka parte hartzen dugu munduko txapelketan. Espainiaren izenean kategoria bakoitzeko gidari bat lehiatuko da. Bigarren egunean, kategoria bakoitzeko final-erdiak jokatuko ditugu eta kategoria bereko 35 bat gidari lehiatuko gara guztira. Horietatik hamabi onenak sailkatuko dira biharamunean jokatuko den finalerako. Santanetan faltako naiz, baina ez dit inporta. Aurten, ikas-bidaira ere ez naiz joan Espainiako Txapelketara joan nahi nuelako eta nahi nuelako ondo prestatuta joan. Astebetez entrenatu ezean asko galtzen da eta nik nahi nuen ondo entrenatuta joan, nahiz eta munduko txapelketarako sailkatzeko ez neukan joan beharrik, beste lau lasterketetan lortutako puntuazioarekin ziurtatuta neukalako txartela.
Aitak hartu du hitza, aitortzeko oso harro dagoela semeak hartutako erabaki horrekin.
Iban Gimenez: Aspertzen denean lagatzeko esaten diogu guk semeari, ez duela inori ezer erakutsi beharrik, baina jarraitzekotan, hori bai, serio hartu behar duela, etxeko gainerakook sakrifizio handia egiten dugulako laguntzeko. Batetik, dirua da, eta bestetik, denbora. Murtziaraino jaistea, adibidez, gastu handia da, baina horrez gain, eskatzen du lanean ostirala jai hartzea eta igandean berandu etxeratzea eta astea neke puntu batekin hastea. Berari ez diot aurrez ezer esan, baina oso harro sentitu nintzen entrenatzeko ikas-bidaira joateari uko egingo ziola esan zigunean. Pozgarria da ikustea serio hartzen duela egiten duena, sentitzen dudalako besteon ahalegina ere ez dela alferrekoa. Guk bagenekien zer den bere adinean ikas-bidaira joatea eta eskaini genizkion erraztasunak ere gutxienez egun bat beranduago joan zedin, baina ezetz esan zuen. Horregatik asko poztu nintzen saria jaso zuenean.
Bizikletak asko eman dizula bistakoa da, baina kendu ere egin dizkizu orduan gauza batzuk.
Ez dut sentitzen asko kendu didanik. Asko entrenatzen naiz, baina badaukat lagunekin irteteko denbora eta irteten naiz.
Zertarako aukera duzula uste duzu munduko txapelketan? Zeintzuk dira zure ustez, aurkari gogorrenak?
Lehen helburua finalerako sailkatzea da. Uste dut hori lortu dezakedala, eta podiumera igotzeko aukerak ere izan ditzakedala, baina irabaztea oso zaila izango da. Ikusiko dugu zer zirkuito klase jartzen duten ere. Indar handia eskatzen duten pausoak badira zailagoa izango dut, baina ahaleginduko naiz. Guillem Montoya kataluniarra eta Eddie Weightman inglesa ikusten ditut aurkari gogorrenak. Ni baino indartsuagoak dira.
10 urterekin irabazi zenuen Munduko Txapelketa, eta bigarrenez lortzeko aukera duzu orain. Zer sentitzen da?
Pozik nago, baina irabazi nuenean ere ez nuen aldaketa berezirik igarri, eta ez dakit zer esan. Lagunak-eta pozten dira eta esaten didate oso ona naizela. Ni lasai nago. Urdurituko naiz eguna iritsitakoan.
Zenbat denbora eskaintzen diozu astean bizikletari?
Astean sei egunetan izaten ditut entrenamenduak, egunean bi ordukoak Bizikleta gaineko entrenamenduak izaten dira; ez dut besterik egiten. Aurkariak hasita daude gimnasioan-eta, baina ni oraindik ez. Uste dut aurten hasiko naizela, baina gurasoak ez dira aldekoak izan orain arte, ez zutelako uste ona zela nire adinerako.
Arina zara gorputzez eta horrek ere beharbada lagunduko du, ala? Jatekoa edo beste zerbait zaindu beharrik izaten al duzu?
Ez. Jateko orduan ez naiz zaintzen. Eta gorputzez arina naiz, bai, baina ez pentsa beti ona denik. Nire aurkariek bi buru ateratzen dizkidate, 1,80 cm inguru neurtzen dute, 13 bat urte zituztenetik entrenatzen dira pisuarekin, eta ni baino askoz indartsuagoak dira. Nire gorputza ez dago haiena bezain garatua eta igartzen da. Teknika ona daukat, eta oso ondo moldatzen naiz, baina indar handia eskatzen duten ariketak gainditzeko orduan zailagoa izaten dut. Egia esan bi urte oso gogorrak pasatu ditut, asko entrenatu arren eta teknika ona izan arren, ikusten nuelako ezin nuela besteen maila eman. Kadeteetan askok lagatzen dute eta elitera urtean bi-hiru gidari iristen dira asko jota. Elitean lehiatzen diren gidari espainiar gehienak dira noizbait munduko txapelketa irabazitakoak beheragoko kategorietan, eta hala ere, askok laga egiten dute.
Zeintzuk uste duzu direla zure dohaiak? Nola entrenatzen zara txapelketa baterako?
Oreka mantentzen naiz ona eta teknika oso ona dudala esaten didate. Horrez gain esango nuke badakidala burua hotz mantentzen ere. Ez naiz beste batzuk bezain urduri jartzen lasterketa egunetan. Badaude ni baino indartsuagoak direnak, baina gero oso urduri jartzen direnak erlojuaren kontra lanean. Lasterketa egunerako hamabost bat egun falta arte pausoak entrenatzen ditut, eta gero, azkeneko hamabost bat egunetan, zirkuitoan aritzen naiz, erlojuaren kontra ariketa ezberdinak egiten.
Kirol minoritarioa da trialsina. Zu bezalako batek zer laguntza ditu?
Gastuak handiak dira, eta laguntza handirik ez da izaten. Gurasoen diru-zorrotik irteten da hemen diru gehiena. Badaukat babesle bat, hala ere: Clean. Ez dut dirurik jasotzen, baina materiala eskuratzeko erraztasunak ematen dizkit.
10 urte zenituela elkarrizketatu zintugun lehenengoz. Orduan, Aretxabaletako Oztopo taldeko kide zinen. Gaur egun?
Orain ere Oztoporekin nago federatuta eta klubak Aretxabaletan daukan zirkuitoan entrenatzen naiz askotan, baina nire kontura, klubean ez daukagulako entrenatzailerik. Hemengo lasterketetara, hori bai, Oztoporen izenean joaten naiz. Asteazkenero eta igande askotan Lukura (Araba) ere joaten naiz Julen Saenzekin taldean entrenatzera. Elitean lehiatzen da Julen eta oso ona da. Munduko Kopako txapelduna izan zen duela bi-hiru urte elite mailan, bigarren egin zuen Munduko txapelketan duela bi urte, Espainiako txapelketa irabazi du aurten... Asko ari naiz ikasten berarekin. Gero, asteburu batzuetan, kanpora ere joaten gara beste gidari batzuekin entrenatzera, baina gehienbat aitarekin ibiltzen naiz.
Aita ere ibilitakoa al da trialsinean ba?
Ez. Aita eskaladan ibili zen lehen, baina bizikletan ez. Ikusten ninduen ni umetan beti bizikletan eta beti azkar, eta ez zitzaion gustatzen. Eta joan ginen behin Elgoibarrera trialsin erakustaldi batera eta ikusi zuenean gustatu zitzaidala eraman ninduen Aretxabaletara trialsina probatzera. Eta asko gustatu zitzaidan. Anaia ere hasi zen nirekin, baina aspertu zen, nahi zuelako lagunekin ibili, eta laga zuen. Orain, baina, berriro hasi da, ni ikusita.
Zeintzuk dira zure erreferente nagusiak?
Julen Saenz entrenatzailea eta Benito Ros (Abartzuza, Nafarroa, 1981). Biak dituzte txapel asko irabazita. Orain, Espainian, Alejandro Montalvo madrildarra dabil dena irabazten.