E.T. zela esan genuen, eta zuzentzea dagokigu, E.T. barik bere ama dugulako egunotan Mendaroko errotondan egon dena, lepoko poltsa, tronpeta hori, zapi berde eta berakatzez egindako koilarrarekin. Gaur goizean falta zen bere lekuan, baina atzo iluntzean hantxe zen, eta han bertan elkartu ginen ekimenaren sustatzaile nagusiarekin.
Joseba Olazabalek sortu du panpina, bai eta haren espaziontzia ere, nahiz eta laguntzaileak ere izan dituen prozesuan zehar. Olazabalek berezko duen umorearekin hartu gintuen atzo. Paperean sartuta, ukatu egin zigun lehenengo bera zenik egilea, baina hasierako antzerkiaren ondotik, zergatik sortu zuen azaldu zigun. Umorearen eta inprobisazioaren alde egin nahi izan du modu honetan, aldez aurretiko gidoirik gabeko jai herrikoien alde. Horren falta igartzen du aspaldiko urteetan jaietan.
Olazabalek lehenagoko garaiak ditu buruan, Kilimon errekan zehar kalejirak inprobisatzen ziren sasoi haiek edota bere senide gertuko batek herriko parrandazale talde bat batu eta batailoi baten ibilerak antzezten zituztenekoak. Uste du "dena instituzionalizatu denetik" galtzen ari dela hori herrietan. Jai-egitarau bat izaten da gaur, eta uste du emandakoa kontsumitzera mugatzen dela gero eta jende gehiago jaietan, sormena baliatu, umoreari bide eman eta gauzak sortu ordez. Horren aldeko deia egin du.
Solasaldian zehar behin baino gehiagotan esan zigun poztuko litzatekeela panpinak sormenerako gogoa piztuko balio norbaiti, eta ez dakigu hori izan den edo zer, baina gaur goizean falta zen gure estralurtarra errotondan. Mendaroko txarangak ere izen hori du, baina E.T.ren ama jaietan bizipoza zabaltzera etorri dela zehaztu zigun Olazabalek eta nabarmendu poztuko litzatekeela txarangakideek lagun hartuko balute egiteko horretan. Batek daki gaur non azalduko den, baina litekeena da egitarau ofizialetik kanpoko ekimenen bati babesa ematera agertzea. Kontatuko dugu.