Ikusmin handia sortu zuten atzo jokatu zituzten final-erdiek. Gizonezkoen bi final-erdiak eta emakumezkoetako bat jokatu zituzten atzo, eta jaialdi handietako giroa sortu zen frontoian. Bi ordu eta erdiz luzatu zen jaialdia, eta gozatu zuen publikoak.
Miren Gisasolak eta Ines Prietok osatutako bikoteak Maren Fernandez eta Malen Bizkarguenaga mendaroarrek osatutakoa izan zuen aurkari jaialdiko lehenengo partidan. Kolore handirik gabeko partida izan zen, eta aise gailendu ziren Gisasola eta Prieto, 22 eta 5eko emaitzarekin. Haren ondotik jokatu ziren gizonezkoen bi final-erdiak. Lehenengoan, Axular Agirregabiria mendaroarrak eta Ander Aberasturi oñatiarrak txapelketako beteranoetako bi izan zituzten aurkari: Ander Zulaika eta Jon Larrañaga, eta lehenengoek egin zuten aurrera, 22 eta 9ko emaitzarekin. Atzo jokatu zituzten final-erdietan hirugarren partida izan zen jaialdiko gogorrena eta luzeena. Ordubete eta erdi iraun zuen Luken Agirregabiria eta Asier Olabek Julen Iriondo eta Julen Dobarroren kontra jokatu zuten partidak. Partida lehiatua izan zen oso, estua markagailuan. 21na zeudela, Julen Iriondoren huts batek erabaki zuen partida eta 22 eta 21eko emaitzarekin Agirregabiriak eta Olabek egin zuten aurrera, ozta-ozta.
Atzokoaren ondotik, zehaztuta gelditu da gizonezkoen finala. Ander Aberasturi eta Axular Agirregabiriak, iazko irabazleek, Asier Olabe eta Luken Agirregabiria izango dituzte parez pare uztailaren 23an jokatuko duten finalean. Agirregabiria anaiak, beraz, elkarren aurkari izango dira finalean.
Nerabeen finala, berriz, joan zen astean zehaztu zen: Oinatz Arriola eta Haritz Zubiaurre arituko dira batetik, eta Lizar Ezenarro eta Luken Zulaika, bestetik. Emakumezkoetan, Miren Gisasolak eta Ines Prietok lortu dute finalerako jokoan zegoen txarteletako bat. Bigarren bikotea zein izango den hurrengo eguaztenean, uztailaren 9an, jakingo dugu: Ane Landak eta Maria Bastidak edo Irati Mendikute eta Josune Manteca. Hiru finalak Santa Ana jaien testuinguruan jokatuko dituzte, uztailaren 23an, 18:00etan hasita.