Mendizaletasunaren jaia izan nahi du Mendaroko Mendi Egunak

Ainara Argoitia 2025ko mai. 30a, 15:49

Ainhoa Gonzalez (Arno), Iosu Juaristi (Lizarpe), Jon Larrañaga (Arno), Maite Maiora (Lizarpe) eta Enetz Ezenarro alkatea.

Mendi Eguna antolatu dute Mendaron zapaturako (maiatzak 31) Arno guraso elkarteak, Lizarpe mendi klubak eta Mendaroko Udalak, elkarlanean. Bi mendi ibilbide proposatu dituzte, Kilimon ibilbide sareko bi PRak, eta mendi itzulia egin ondorenerako herri-bazkaria eta gehiago lotu dituzte. 

Deialdi irekia egin dute mendirako, baina bazkaritarako izena eman beharra zegoen. Joan zen barikua zen txartela eskuratzeko azken eguna, eta 120 bat lagun zeuden izena emanda.

Lizarpe mendi klubekoek aspalditik buruan zerabilkiten ideiari forma eman diote Arno guraso elkartearen mendi taldekoek eta, Udalaren eta Lizarpekoen euren laguntzarekin, Mendaroko estreinako Mendi Eguna antolatu dute biharko. Bi helburu nagusiri erantzuten dio ekimenak: batetik, herriko haurren artean mendizaletasuna sustatzea eta Arnoren aurtengo mendi-irteeren kanpainari azken borobil bat ematea eta, bestetik, Lizarpe mendi klubekoen ekimenez eta Udalaren babesarekin Gipuzkoako Mendizale Federazioak seinaleztatutako bi PR edo Ibilbide Laburrak ezagutaraztea. Eta horretarako, egun osoko egitaraua ondu dute biharko, herri-bazkari eta guzti.

"Denon interes batetik antolatu dugu biharko eguna, eta nahi genuke urtero errepikatuko den zerbait izatea aurrerantzean", azaldu du Jon Larrañaga Arnoren mendi taldeko kideak: "Ikasturtean zehar, hilero mendi-irteera bat antolatzen dugu Arnotik eta pentsatu genuen azkena, maiatzekoa, Mendaron bertan egitea, gure bazterrak ezagutarazteko. Kilimon Trail mendi lasterketaren bi ibilbideak geneuzkan guk begiz jota, baina hor geunden zalantzan, zer eta nola egin gure irteeretara batzen diren guztientzako moduko zerbait proposatzeko, eta komentatu nion Gotzon Zulaika Lizarpe mendi taldeko lagunari. Han hasi zen dena. Esan zidan eurek ere bazebiltzala zerbait egin nahian markatu berri zituzten bi PRak ezagutarazteko eta proposatu zidan egun osoko plana antolatzea elkarrekin. Gustatu zitzaion Udalari ere ekimena, eta batu zen".

Maite Maiora Lizarpeko taldekideak aitortu du pozarren hartu zutela eurek Arnokoen deia, besteak beste aukera ikusi zutelako Kilimon bailarari balioa emateko. "Erakutsi nahi dugu gaur askok kanpoko mendietan bilatzen duten hori Mendaron bertan ere badaukagula, sekulako parajeak dauzkagulako. Altxor bat da Kilimon bailara hau eta askok ez dute ezagutu ere egiten. Mendirako afizioa badugu Mendaron, baina ez Mendaron bertan mendira igotzekoa". Baina gehiago ere bazen Lizarpekoen buruetan. Haien ustez, herritarren artean mendizaletasuna sustatzea bada herriko mendi-bideak urte osoan garbi mantentzeko bidea ere, eta hori gauza handia da Kilimon Trail mendi lasterketaren antolatzaileentzat. "Ordu asko eman izan ditugu urtero bi-hiru lagunek sasi-garbitzeko makinak hartuta lasterketarako bideak zabaltzen, jendea ibiltzen ez den lekuetan erraz ixten direlako bideak. Horregatik izan da gure obsesioetako bat lasterketaren bi ibilbideak markatzea, jendea erakartzeko", gehitu du Iosu Juaristi Lizarpeko zuzendariak.

Italiako Premana herriko Girr de Mont mendi lasterketan ikusitako seinaletika gustatu, hango marka bat ekarri eta haren trazara sortu zituen estreinako markak Juaristik berak duela hamar urtetik gora, eta urte askoan ibili dira urtero bi bideak markatzen, askotariko markekin, baina beti berde eta zuriz, harik eta jakin zuten arte SL edo herri-ibilbideak markatzen zirela kolore horiekin [PR ibilbideen irizpide berberekin diseinatzen dira ibilbide hauek, baina askoz laburragoak izan ohi dira, era guztietako jendeak egin ahal izan ditzan]. Jo zuten gero Zulaikak eta Juaristik Udalera bi ibilbideak PR gisa markatzeko eskaera bidera zezan eskatzera, eta tematu ziren horretan. Lizarpekoek Udalarekin eta Gipuzkoako Mendi Federazioarekin izandako urteetako elkarlanaren emaitza dira Mendaroko ibilbide sareko bi PRak: Aranerrekako itzulia (PR-GI-218 matrikuladuna) eta Garaluzeko Itzulia (PR-GI-217 matrikuladuna).
Eta bi ibilbide horiek dira Arnok bihar egiteko proposatu dituenak, nahiz eta Mendi Egunera batuko direnen profilak kontuan hartuta, ibilbide luzea 21 kilometrotik 17ra ekarri duten.

Mendi irteerak eta gehiago

08:30ean abiatuko dira plazatik ibilbide luzea egitera batuko direnak, eta ordubete geroago motza egingo dutenak. Mendaroko eskolako ikasleek izena eman behar izan dute baterako zein besterako, Arno guraso elkartekoek kontrol hori eraman beharra dutelako, baina nabarmendu dute biharko mendi-irteeran parte hartzea librea dela eta edonor batu daitekeela irteera-puntura, izenik eman beharrik gabe. Ez, ordea, herri-bazkarira. Bazkaritarako txartela erosi beharra zegoen joan zen barikurako, eta beraz, txarteldunak bakarrik inguratu ahal izango dira bazkaritara. Frontoian egingo dute herri-bazkaria, 14:30ean.

Bazkalostean, antolatzaileek opariak banatuko dizkiete urtean zehar Arnoren mendi-irteeretan parte hartu duten eskola-umeei, eta Txola ta Potxola herriko musika jartzaileek girotuko dute arratsaldea. Baina horrez gain, sorpresak ere izango direla aurreratu dute Arnotik. Jai egun handia izateko osagai guztiak ditu, beraz, biharko Mendi Egunak.

Egitaraua

  • Irteera: Herriko Enparantzatik. Luzekoak 08:30ean, eta motzekoak, 09:30ean.
  • Ibilbide luzea: Aranerrekako itzulia (PR-GI-218 matrikuladuna) Kilimon Trail mendi lasterketa luzearen parekoa da, 21 kilometrokoa, baina bihar ez dute osorik egingo. Herriko Enparantzan hasi eta zuzenean Lizarrolara arteko bidea egingo dute. Handik Larraskandara igoko dira eta Otarretik bueltan Erentzarantz hartuko dute, Usabietako zuloan motzekoekin batzeko. Lau ordu eta erdi pasatxo beharko dituztela kalkulatu dute ibilbidea osatzeko.
  • Ibilbide motza: Garaluzeko Itzulia (PR-GI-217 matrikuladuna) laburragoa da, Kilimon Trail lasterketa motzaren ibilbidearen trazara sortutakoa. 10,2 kilometroko ibilbidea da, 770 metroko desnibela duena, eta hiru ordu eta erdian egitekoa. Herriko Enparantzan hasi eta Keretxudian gora (Zortzi kurba) egingo dute Lizarperantz. Aurretik elkartuko dira, baina, luzekoekin, Usabietako zuloan.