Kilimon Trail mendi lasterketaren antolatzaileen, Mendaroko Udalaren eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren artean ondu dute proiektua, lankidetzan, eta diseinu- eta seinaleztatze- lanek 14.995 euroko aurrekontua izan dute. Bideak garbitzeko eta txukunketa lanak egiteko berriz [mojetako eskaileretan maila batzuk konpondu behar dituzte] , 4.878 euroko aurrekontua zuten, baina alkateak zehaztu du litekeena dela handitzea, haizete handiek eragindako kalteen ondorioz.
Kilimon Trail mendi lasterketa antolatzen duten Lizarpe Mendi Klubekoen eta Mendaroko Txirrindularitza Elkartekoen eskariz hasi zuten egitasmoa, joan zen legegintzaldian. Bi ibilbideak (luzea eta motza) urte osoan zehar edozeinek egiteko moduan jarri nahi zituzten Kilimon Trail lasterketaren antolatzaileek
eta ibilbideen mantentze-lanak sistematizatu, eta horretarako, Mendizale Federazioarekin eta Udalarekin jarri ziren harremanetan, ibilbidea homologatzeko bidea egiteko. Eta harreman horretatik sortu da proiektu hau, arrazoi ezberdinak tarteko, uste baino gehiago luzatu dena. Marka gehienak jarrita daude eta ibilbideei buruzko argibide-taula jarri zuten atzo, Herriko Enparantzan, handik hasten baitira bi ibilbideak [Pantaila handia dagoen lekuan dute jartzekoa, hura lekuz aldatzea erabaki duelako Udalak bizilagunen eskariak aintzat hartuta]. Bi ibilbideen izenak, kartografia, distantzien profila, lurzoru moten eta desnibelen inguruko informazioa, erabilera arauak eta naturguneari buruzkoak, eta mendian segurtasunez ibiltzeko aholku nagusiak jaso dituzte taula horretan.
PR izendatzeko irizpideetara egokituta
Funtsean Kilimon Trail mendi lasterketako ibilbideak dira markatu direnak, baina egokitzapen txiki batzuk eginda. "%95ean edo gehiagoan lasterketako bideak dira, baina egokitzapen batzuk egin behar izan dira ibilbideak PR izendatzeko irizpideetara egokitzeko. PRak ahalik eta erabiltzaile gehienek egiteko modukoak izan behar dira, "eta ez eliteko kirolarientzat edo oso mendizale zaildu direnentzat bakarrik. "Kilimon Trail mendi lasterketaren ibilbidea oso exijentea da, desnibel
handikoa leku batzuetan, eta egokitu beharra zegoen. Basurde-bideetatik igarotzen dira leku batzuetan eta horiek arindu behar ziren. Homologatzeko irizpideetan jasota dago, ahal dela, gainera, herri bideak erabili behar direla beti, bide publikoak, eta saiatu behar dela garai bateko komunikazio ibilbideak berreskuratzen, nahiz eta gaur egun inor igarotzeko moduan ez egon. Era berean, PR-etan ibilbidearen %20 baino gehiago ezin da asfaltatutako edo zementuzko bidetik joan eta saihestu behar da tontorretatik pasatzea ere".
Garbi mantentzeko konpromisoa
Irizpide horiek kontuan hartuta balizatu eta markatu dituzte Gipuzkoako Mendizale Federazioko senderismo batzordeko teknikariek PR-GI-218 (Aranerrekako itzulia) eta PR-GI-217 (Garaluzeko itzulia) ibilbideak, eta Udalak bere egin du ibilbide horiek garbi mantentzeko konpromisoa. "Baldintza da hori. Urtero, Gipuzkoako ibilbide batzuen azterketa egiten dugu guk, eta bost urteren buruan ibilbide guztiak gainbegiratzen ditugu. Ikusiko bagenu Udalak ez duela betetzen konpromiso hori, ibilbideari homologazioa kenduko genioke eta bidezidorren erregistrotik kanpo geldituko lirateke bi ibilbideak. Kasu horretan, gainera, Udalak bere gain hartu beharko lituzke ibilbidean dauden markak eta azpiegiturak kentzeko gastuak ere", zehaztu du.
Aranerrekako itzulia eta Garaluzeko itzulia
Marka zuriz eta horiz balizatu dituzte bi PRak, eta ibilbide arteko loturak txuri eta berdez, Senderismo Batzordeek duten araudiak ezartzen duen bezala. Aranerrekako itzulia (PR-GI-218 matrikuladuna) 21 kilometroko ibilbidea da, Kilimon Trail mendi lasterketa luzearen parekoa litzatekeena. Egokitzapen txiki batzuk egin behar izan dizkiote, eta ondorioz, desnibel apalxeagoa dauka, baina hala ere, ibilbideen zailtasun teknikoak eta fisikoak baloratzeko Espainiako Mendi Kirol eta Federazioaren MIDE sisteman lauko zailtasun maila dauka. Batez beste 8 ordu eta erdian egiteko bidea dela zehaztu dute eta 1.440 metroko desnibel positiboa duela.
Garaluzeko Itzulia (PR-GI-217 matrikuladuna) laburragoa da, Kilimon Trail lasterketa motzaren ibilbidearen trazara sortutakoa. 10,2 kilometroko ibilbidea da, 770 metroko desnibela duena, eta lau ordu eta erdian egitekoa. MIDE sisteman, hiruko zailtasun-maila dauka lautik.
Apirilaren 5ean jokatuko dute Mendaron aurten Kilimon Trail mendi lasterketa. Urtero bezala, bi ibilbide izango dira: motza eta luzea, eta entrenatu nahi duenak edo, besterik gabe, Kilimon bailara ezagutu nahi duenak aukera bikaina dauka orain. "Paraje zoragarrietatik igarotzen da lasterketa", nabarmendu du Elortzak. Lasterketarako izena emateko epea zabalik dute (kronoak.com), eta lasterketa motzerako dortsalak amaituta daude dagoeneko.