Irisgarritasun plana osatzeko parte-hartze saioa antolatu du Mendaroko Udalak hilaren 22rako

Barren 2025ko mai. 19a, 10:57

Herriko irisgarritasuna hobetzeko Mendaro denONA prozesua jarri zuen martxan Mendaroko Udalak, eta Mendaroko Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integrala definitzeko, beste parte-hartze saio batera deitu ditu orain herritarrak eguenerako, maiatzaren 22rako. 

Udaletxean egingo dute saioa, maiatzaren 22an, 18:30etik 20:00etara, eta parte-hartzera deitu dituzte herritarrak, zenbat eta parte-hartze handiagoa orduan eta aberatsagoa izango baita plana. Udaletik nabarmendu dute ez dituztela hirigintzan adituak behar, baizik eta herrian bizi direnak edota Mendaroko kaleetan orduak ematen dituztenak, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere. Projekta Urbesekoek dinamizatuko dute saioa.

Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralaren (IUPI) idazketa 2020an onartutako Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategiaren (EIUE) baitan ulertu behar dela zehaztu dute Mendaroko Udaletik, eta planaren izaera integrala kontu berria dela. Izan ere, EIUEn ezarri denez, ingurune fisikoaren irisgarritasunaz haratago joatea eskatzen zaie orain erakundeei, udalei barne. Berritasun aipagarrienak:

  • Irismena, Udalari dagokionez. Orain arte ezagutu ditugun Irisgarritasun Planetan lantzen zen “Udalerri irisgarria” esparruaz gain, “Udal irisgarria” esparrua landu beharko dute. Hau da, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak, arreta edo komunikazioa irisgarriagoa egiteko proposamenak landu beharko dira.

  • Irismena, eragileei dagokionez. Gainera, Udalaren gidaritzarekin, herrian dauden eragile publiko zein pribatuen inplikazioa bilatu beharko luke Planak.

  • Jarduketa-esparru zabalagoa, baina jarduketa zehatzagoak. Alegia, esparru gehiago landu beharko badira ere, indarraldia lau urtetara mugatzea ezartzen du diru-laguntzak. 

  • Hirigintzatik haratago doan Plana. Hirigintza Sailak bere eskumenetara hobeto egokitzen den Udalerri irisgarria esparrua har lezake bere gain, baina beste ardura batzuk (Udal irisgarria edo Komunikazio-Plana, adibidez) beste sail batzutara banatzea proposatzen dute.

  • Zeharkakotasuna. Azken urteotako eraldaketarekin bat eginez, Plan hau sail eta maila desberdinen artean landu beharko da. "Hau eraginkortasunez egingo dela bermatzeko, ezinbestekoak izango dira konpromiso eta gidaritza politikoak".

Proiektu honen bitartez, datozen lau urteetan egiteko moduko jarduketak zehaztu nahi ditu Udalak. "Zehaztasun honek Udalaren baliabideak neurtzea eskatzen du: egin beharko litzatekeena bistatik galdu gabe, egin ditzakegunak zehaztea da asmoa. Horretarako, arazoak eta esku-hartzea lehenetsi beharko ditugu, jarduketen kostuak eta onurak ondo neurtuz", zehaztu dute Udaletik.

Aniztasuna, autonomia, eguneroko bizimodua eta zaintzak jarri nahi dituzte erdigunean. "Esku-hartzeek irisgarritasuna izango dute helburu nagusi, baina hauek zehazterakoan ezinbestekoak izango dira mendaroarron egunerokotasuna oinarri izango dituzten hainbat irizpide, hala nola, aniztasunari erantzutea, autonomia sustatzea edota zaintza lanak erraztea", azpimarratu dute oharrean.