Mendaron nola bizi nahiko luketen pentsatzen jarri nahi izan ditu Udalak herritarrak. Hala azaldu zuen Udalak eskatuta proiektua gidatzen ari den Miren Vives arkitektoak maiatzean, hedabide honi emandako elkarrizketan. "Eskatuko diegu aztertzeko zer duten gustuko, noiz dauden gustura kalean daudenean, eta zerk ez duen bat egiten beren bizi-desioekin. Etorkizun desiragarriak imajinatu behar ditugu, kolektiboki". Horretarako, lauzpabost batzar egin zituzten maiatza-ekainean herriko kolektibo ezberdinekin eta saio berezi batzuk ere egin zituzten gerora herriko haur eta nerabeen beharrak jasotzeko, Oinherrik, herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak, gidatuta.
Batzar horietan guztietan jasotako proposamen nagusiak jaso dituzte Projekta Urbesekoek eta jasotako horren inguruan herritarren adostasun-maila zenbatekoa den jakiteko, inkesta ere zabaldu zuen azaroaren 4an Udalak. Hona inkestara eraman zituzten bost proiektu nagusiek jaso duten onespen maila.
Orain, berriz, beste parte-hartze saio bat antolatu dute ostegunerako, hilaren 21erako, jasotako guzti horren inguruan solasteko. Udaletxeko udalbatza aretoan izango da, 18:30ean.