Santa Anako trenbide-pasagunerako soluzioaz galdetu dio Mendaroko Udalak Euskal Trenbide Sareari

Barren 2025ko mai. 15a, 12:33

Santa Anako trenbide-pasagunearen segurtasuna hobetzeko joan zen apirilean agindu zieten egokitzapen-soluzioaz galdetu dio Mendaroko Udalak Euskal Trenbide Sareari.

Santa Anako trenbide-pasagunean segurtasuna hobetzeko eskatu zion Mendaroko Udalak Euskal Trenbide Sareari eta hilabetera jaso zuten erantzuna Udalean. Santa Anako trenbide-pasaguneari A2 babesa emateko egokitzapen-soluzioa diseinatzen ari zirela  jakinarazi zieten Euskal Trenbide Saretik; erabiltzaileentzako ohartarazpena duen babes automatikoa ezartzea aztertzen ari zirela alegia, seinale finkoak ez ezik seinale akustikoak ere izango zituena. Gutun berean lizitazioa "epe motzean" hasiko zela zioten eta obrak urtea amaitu aurretik hasiko zituztela. 

Mendaroko Udalak dio, baina, oraindik ez dutela bestelako informaziorik jaso eta beste gutun bat bidali dutela Euskal Trenbide Sarera, orduan esandakoak zertan diren jakitzeko.