Lau trenbide-pasagune daude Mendaron: Santa Anakoa, Erramonekoa, Igartuzarrakoa eta Bigoatekoa, eta pasabide horietan ez dago oinezkoentzako eta kotxeentzako inolako hesi edo babesik gaur. Lau pasagune horietatik, baina, Santa Anakoa da bereziki arriskutsua, besteek ez besteko zirkulazioa izaten delako han eta elkarrekin oso segidan datozen bi bihurguneren artean kokatuta dagoelako. Udaletik Santa Anako bi pasabideen nibelak bereizteko eskatu zioten Euskal Trenbide Sareari, eta hori egin bitartean, hesi automatikoak jartzea, arriskua adierazten duten soinu eta argiekin. Era berean, gainerako trenbide-pasaguneetako segurtasuna hobetzeko neurriak aztertzeko ere eskatu zioten.
Maiatzaren 24an jaso zuen Mendaroko Udalak Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiaren erantzuna. Mezuan zioen trenbide-pasagunerako egokitzapen soluzio bat diseinatzen ari direla. Babes automatiko bat jarri asmo dute, eta seinale finkoez gain, seinale akustiko argitsuak ere bai, trena gertu datorrenean herritarrak ohararazteko. Euskal Trenbide Saretik Udalari jakinarazi diote obra luze gabe lizitatuko dutela, urtea amaitu baino lehen hasteko lanei.