Iaz egin bezala, aurten ere autobusa antolatuko du Mendaroko In Leike kultur elkarteak Herri Urrats jaira joateko. 09:00etan irtengo da autobusa Mendaroko tren geltoki paretik, eta 18:00etan izango dute han itzulerakoa. Autobuseko txartelagatik 10 euro ordaindu beharko dira, baina aurrez izena eman beharko da mendaroninleike@gmail.com helbidera idatzita. Izena emateko azken eguna maiatzaren 6a izango dela jakinarazi dute. Autobusean bertan egin beharko da ordainketa, eta 14 urtez azpikoak heldu batek lagunduta joan beharko dira. Antolatzaileek azpimarratu dute gutxieneko kopuru bat bete ezean ez dela autobusik izango.
Arberoako ikastola eta Senpereko kolegioa laguntzeko egingo dute aurten Herri Urrats, Elgarrekin lelopean. Berez Senpereko Kattalin Elizalde kolegioa handitzeko lanak ordaintzeko aurreikusia zuten jaia, baina Donamartiriko (Nafarroa Beherea) Arberoa ikastolak su hartu zuen joan zen urrian, eta egoerak hala eskatuta, Arberoa ikastola laguntzeko ere izango da Herri Urrats. 200 metro koadro baino gehiago kiskali ziren.