Elgoibartik eta Mendarotik ere joan zen atzo jendea Herri Urrats jaira, batzuk autoz eta beste zenbait autobusez. Izan ere, aspaldiko urteetan ez bezala, bi autobus bete dira aurten gurean Senperera joateko. Beskoitzeko (Lapurdi) ikastola eraikitzeko dirua biltzea izan du aurten helburu Herri Urrats jaiak, eta egitarau oparoa antolatua zuten atzorako antolatzaileek, zortzi gunetan bereizita. Izan zen, beraz, zer ikusia eta zertaz gozatua, goiz partean eguraldiak lar lagundu ez bazuen ere. Eguzkia zegoen iragarria, baina euri langarra egin zuen goizean zehar. Hala ere, eguraldia ez zen, inondik inora, Senperen bildutako milaka euskaltzaleren jai eta aldarrikapen gogoa zapuzteko adinakoa izan. Arratsaldean eguraldiak hobera egin zuen, eta gune batetik bestera ibili ziren euskaltzaleak, egitarauan gustukoen zituzten emanaldiak harrapatu nahian. Azaleko argazkian, Mendaron autobusa bete zuten lagunak. Behean, elgoibartarren taldea.