Sektorearen egoera aztertzeko, erronkak eta aukerak identifikatzeko eta Mendaroko errealitatera egokitutako ekintza-proposamenak diseinatzeko, hainbat egiteko zehaztu dituzte datozen hilabeteetarako.
Batetik, lehenengo fase batean, bi inkesta egingo dituzte Udaletik informazioa biltzeko: bata, sektore hauetako profesionalentzat izango da eta bestea herritarrentzat. Herritarrek modu digitalean bete ahal izango dute inkesta Mendaroko Udalaren webgunean sartuta. Profesionalei email bidez bidaliko diete inkesta, baina eskura ere emango diete. Kaleko inkestak ere egingo dituzte, herritarren ikuspegia osatzeko eta digitalki parte hartzerik ez dutenen iritzia biltzeko.
- Honatx Herritarrentzako inkesta
Bestetik, udalerriko ezaugarri urbanistikoak aztertuko dituzte, merkataritzarekin, ostalaritzarekin eta zerbitzuekin duten loturaren ikuspegitik. Inkestetatik eta azterketa urbanistikotik jasotako informazioa oinarri hartuta, bigarren fase batean, egoera hobetzeko eta identifikatutako beharrei erantzuteko ekintza-plan zehatza diseinatuko dute. Udaletik parte-hartzera deitu dituzte herritarrak.