Gizonezkoen eta emakumezkoen frontenis txapelketak nerabeentzako lekua ere izango du aurten, 2010 eta 2013 urteen artean jaiotakoentzako liga antolatu nahi baitute antolatzaileek. Gizonezkoenean zein emakumezoenean parte hartzeko 16 urtetik gora eduki behar dira. Horiek 20 euro ordaindu beharko dituzte bikoteko izena ematerakoan. QR kodearen bidez apuntatzeko aukera egongo da edo jubilatuenean egongo den papera beteta bestela. Apirilaren 13an bukatuko da izena emateko epea, maiatzetik aurrera jokatuko baitute txapelketa. Nerabeentzat doakoa izango da izen ematea.
Partida gehienak asteazken eta ostegun arratsaldeetan jokatuko dituzte, Goñati frontoian, 18:00etatik aurrera. Finala uztailaren 23an izango da.
Iazko txapelketan hemezortzi bikote lehiatu ziren gizonezkoetan eta Santa Ana jaietako Gazte Egunean jokatutako finaletan Axular Agirregabiria eta Ander Aberasturi izan ziren irabazleak. Zortzi bikote lehiatu ziren emakumezkoetan eta Ane Landa mendaroarrak eta Miren Gisasola eibartarrak osatutako bikotea gailendu zen.