Ezin egun borobilagoa izan da gaurkoa Mendaron, Gazte Eguna. Gazte Asanbladakoek antolatu dute eguneko egitaraua, Udalaren laguntzarekin, eta gozatu dute gazteenek.
Goizean frontenis txapelketako finalak jokatu dituzte. Gizonezkoetan, Axular Agirregabiriak eta Ander Aberasturik irabazi dute, 20 tantotan utzita Manex Prieto eta Gorka Arrizabalaga debarrak, eta emakumezkoetan, Ane Landa mendaroarrak eta Miren Gisasola eibartarrak osatutako bikoteak 22 eta 15eko emaitzarekin irabazi diete Irati Mendikute eta Josune Mantecari. Frontoia bete egin da finalak ikusteko eta sekulako giroa bizi izan da. Ondoren, Gaztetxera zuzendu dira gazteak, han baitzuten egitekoa sari-banaketa ekitaldia.
Sariak banatu eta txupinazoa jaurti dute Gazte Asanbladakoek, jaiak elkarrenganako errespetuan ospatzera dei eginez herritarrei. Txupinazoa eta gero, herri-bazkaria izan dute frontoian, eta ondoren, jolasak.
Iluntzea, berriz, Elektrotxuflak girotu du. Sekulako giroa jarri du beste urte bat gehiagoz Mendaron aski ezaguna den Donostialdeko elektrotxarangak. Ateri eutsi dio Elektrotxuflagoek beren kalez kalekoa bukatu artean. Azpilgoetan hasi eta Mendarozabalerako tartea egin dute, herriko eta kanpotik etorritako dozenaka gazte atzetik zituztela. Haiek amaitzeaz batera, hasi da euria, eta euritan segitzen du jaiak, lerro hauek idazteko unean. Añube taldekoak ari dira plazan kontzertua ematen, eta ondorenerako Tatta&Densoren kontzertua eta Txotxa ta Potxola herriko DJen emanaldia daude iragarrita.
HEMEN ERE DESKARGA DITZAKEZUE ARGAZKIAK
Bihar, berriz, Adinekoen Eguna ospatuko dute Mendaron. Hona biharko egitaraua:
UZTAILAREN 21a, ADINEKOEN EGUNA
- 12:00 Meza, Garagartzako parrokian.
- 13:00 Adinekoei omenaldia, frontoian.
- Ondoren, Mendaroko Gazteak dantza taldekoen dantza emanaldia.
- 14:30 70 urtez gorakoen bazkaria, Aizpe gastronomia elkartean,hango zuzendaritza taldearen eskutik.
- Ondoren, Arno DJarekin dantzaldia, Aizpen.