Urrezko Aizkolariak txapelketako finalerako sailkatu da Uxue Ansorregi

Barren 2025ko ots. 26a, 12:18

Uxue Ansorregi Oñatiko finalaurrekoan. Arg: Egur Sport

Gizonezkoen XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako eta Emakumeen Banakako Urrezko Aizkolari Txapelketako finalerdiak jokatu zituzten, domekan, Oñatiko Foruen plazan.

Emakumezkoen txapelketan, finalerako bi txartel zeuden jokoan; eta sei lehiakide. Hiruko bi multzotan lehiatu ziren aizkolariak, eta bakoitzeko onenak sailkatu ziren finalerako: Uxue Ansorregi mendaroarra eta Karmele Gisasola 'Zelai III' mallabiarra. Ansorregik Oihane Fernandez De Barrena eta Irati Astondoa izan zituen aurkari bere multzoan eta 6 minutu eta 6 segundoan osatu zituen lanak, Fernandez De Barrenak baino minutu eta zazpi segundo arinago eta Astondoak baino minutu eta 47 segundo arinago. Finaletik kanpo gelditu ziren Oihana Fernandez de Barrena, Malen Barrenetxea, Nerea Sorondo eta Irati Astondoa. Finala Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko dute martxoaren 16an.

Bikoteka sarritan aritu dira elkarrekin Ansorregi eta Gisasola eta garaipen garrantzitsuak lortu dituzte, azkena urte hasieran, Urrezko Aizkolarien Kopako txapela irabazi baitzuten. Banakako lehian ere primeran moldatzen direla erakutsi zuten Oñatin

Irati Astondoa, Uxue Ansorregi eta Oihana Fernandez De Barrena Oñatiko finalerdietako lehian.

Ezpeleta, finalaurrekoan

Hodei Ezpeleta mendaroarrak asteburu honetan izango du gizonezkoen binakako txapelketaren finalera sailkatzeko aukera. Ezpeletak Arkaitz Etxebesterekin osatuko du bikotea martxoaren 2an Nafarroako Urrotz herrian jokatuko duten finalaurrekoan (12:00). Ugaitz Mugertza eta Ibai Soroa gainditu beharko dituzte finalerako txartela eskuratezko borrokan. Oñatin jokatutako finalerdian Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Jon Rekondok lortu zuten finalerako sailkatzea.