11.840 zenbakia izan da sariduna. Zamorako Villafáfila herrian erosi zituen Arantxa Mantecak hiru dezimo, aita zuenaren ohiturari jarraituz. Arantxaren aita Arsenio iaz hil zen, eta bazuen ohitura hori: Gabonetako loterian jokatzekoa eta zenbaki bera partekatzekoa etxekoekin, Portugaleteko senide gertuko batzuekin eta Villafafilako bizilagun batekin.
Senide guztiekin partekatzeko, Villafáfilatik ekarritako hiru dezimoak gutxitxo izango zirelakoan, Morroskillon zenbaki bereko beste hiru dezimo erosi zituen Mantecak, makina bidez eskatuta, eta gaur goizean, Portugaleteko lehengusinaren deiak goiza alaitu die Mendaron bizi diren mantecatarrei. Saridunak ezagunak dituzte Morroskillo dendan, eta bai saltzaileak eta bai saridunak pozarren agertu dira dendan. Donostiatik loteria apustuetako lagunak ekarritako zenbaki sarituaren kartela esegi dute lehenengo Eva Olazabal eta Aurora Txurruka Morroskilloko saltzaileek erakusleihoan, eta kamiseta bana jantzita xanpain botila ere zabaldu dute gero irabazleekin.
"Ezin pozago gaude. Bonolotoko eta Primitibako sari txiki batzuk banatu izan ditugu, baina Gabonetako loterian sekula ez dugu zorterik izan. Garai batean erdi txantxetan ere ibiltzen ginen, ile-apaindegira joan beharko genukeela esanez egun honetarako, baina begira nola harrapatu gaituen gaur deiak. Hedabide batekoek deitu didate saria banatu dugula esanez, eta zuzenean jaitsi naiz dendara. Nire lankide Eva baratzetik zuzenean etorri da", aitortu du Aurora Txurrukak. Cecilio Manteca, Arantxaren neba, izan da dendara agertzen lehenengoa, eta atzetik etorri dira Mendaron bizi diren gainerako senideetako batzuk. "Ezin pozago gaude. Gure aita zenaren ohitura zen hau, etxekoekin eta gertukoekin zenbaki bera partekatzearena eta haren ohiturari eutsi diogu guk. Pozik nago etxeko guztiok jasoko dugulako zerbait eta baita Villafafila herriko senideek eta Portugaleten bizi ditugun bik ere. Jende edadetua da, 90 urte bueltakoak, eta horrek berak poz handia eman dit".