Kanaerdiko bi enbor, eta 72 eta 60 hazbeteko beste bina enbor ebaki behar izan zituzten aizkolariek eta nagusitasun osoz gailendu zen Vicente, 18 minutu eta 11 segundoko denbora eginda. Ezpeleta sailkatu zen bigarren, hogei minutu eta 47 segundotan amaituta bere lana. Julen Gabirondok egin zuen hirugarren, Jokin Urretabizkaia Basozabal laugarren (21.26), Joxean Etxeberria bosgarren (21.28) eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a seigarren (21.32). Lehen sei sailkatuek lortu dute txartela finalerako; gipuzkoarrak dira lau eta nafarrak beste biak.
Lehen Mailako Euskal Herriko Txapelketa urriaren 27an jokatuko dute Gasteizen, Iradier Arenan. Donezteben egin zuten lana halako bi egin beharko dute sei finalistek, eta Iker Vicente aizkolari otsagabiarra bere banakako bosgarren tituluaren bila plazaratuko da. Ezpeletak irabazi zituen 2021 eta 2022ko txapelak eta txapeldunorde izan zen iaz, 2023ko txapelketan. Euskal Herriko txapel gehien, baina, Mikel Mindegiak ditu, hamar guztira.