Kontzertuak hasi aurretik jaialdirako girotze aukera izango dute gaztetxoenek, aurpegiak margotzeko saioa egingo baitute, 17:00etatik 18:00etara bitartean. Hona Gararocken parte hartuko duten taldeei buruzko hainbat datu:
Head Holes (17:30ean, Garagartzako plazan)
Head Holes talde bilbotarrak hasiko du jaialdia. Eder del Valle, Jon Mikel Batiz, Xabier Aguado eta Naroa Esturok osatzen dute taldea, 90eko hamarkadako punk-rockaren, grungearen, hard rock klasikoaren edo country punkaren artean dabil euren estiloa, eta bi urteko ibilbidean bi disko kaleratu dituzte. Talde gaztea da oso, baina etorkizun handikoa.
Pelax (19:00etan, Garagartzako plazan)
Head Holes taldekoen atzetik Pelaxekoak igoko dira oholtzara. Unai Pelayo musikariak sortu zuen Pelax, 2013an, baina hasieran bakarkako proiektua zenak talde izaera ere badu gaur, nahiz oraindik bakarka ere aritzen den tarteka Pelayo. Mendarora, nolanahi ere, taldearekin dator. Bere ibilbidean bost disko luze argiratuak ditu Pelaxek, azkena iaz, Esan gabe doa izenekoa.
Bertso eskolakoen agurrak
Mendaron, Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolariaren jaiotzaren 150. urtemuga ospatzen ari direla-eta, bertso eskolako ikasleak gonbidatu dituzte aurten kantura antolatzaileek. Hamabi neska-mutil arituko dira kantuan, bertsoa eta rocka uztartzeko ahaleginean.
Gailu (20:30ean, Musika eskolako terrazan)
Andoaindik datoz. Luis Andre bideogileak eta Mikel Abrego musikariak sortu zuten Gailu. Abiapuntua, trafikoa kudeatzeko Bilbon 1997an ezarritako kamera sarea izan zen. Kamerek hartutako irudiekin 40 minutuko bideoa grabatu zuen Andrek kontrola eta zaintzaren gaineko hausnarketa egiteko, eta Abregok musika jarri zion. Doinuak Kutxa beltza (Metak, 2002) diskoan bildu zituzten. Urteetako etena izan zuten gero, eta Begiak, egia ba ote? (Bidehuts, 2021) argitaratu zuten gero, eta 2023an, berriro ere, Bidehuts zigiluarekin, Autosuntsipena hasi da 3, 2, 1... znort!!!.
Mice (22:00etan, Garagartzako plazan)
Miren Narbaiza Martiartu musikari eibartarraren proiektua da Mice, 2017an sortua. Napoka Iria taldean hainbat urtez aritu ondoren sortu zuen Mice. 2019an Zilar printzak lana eman zuen argitara, eta Lautada diskoa argitaratu zuen gero 2022an. Taldearekin dator bihar Mendarora.
Belako (23:30ean, Garagartzako plazan)
Belakok itxiko du gaua. Mungiarrak dira Belakokoak eta entsegatzen duten auzoari zor diete izena. 80ko hamarkako new wave estiloan inspiratuta sortu zuten taldea, baina laster egin zuten salto soinu berriagoetara, post-punka ukitu elektronikoekin konbinatuz. 2012an Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuten eta Radio 3ekoan hirugarren postua lortu zuten. Hasi baino ez ziren egin. Gaur bost disko dituzte argitaratuta, azkena iaz, Sigo regando izenekoa. Bilbao BBK Live jaialdian, Donostiako Jazz jaialdian... jotakoak dira.
*Oharra: Euria egingo balu, San Agustin kulturgunera aldatuko lituzkete kontzertu guztiak.
2023ko Gararock jaialdiko bideoa: