Iluntzeko 19:00etan hasi dituzte ofizialki Santa Ana jaiak Mendaron, Joxe Eizagirre brigadako langileak bota duen etxafuegoarekin. Eizagirre urduri batek eskerrak eman dizkie Udalari, udaletxeko langileei eta herritar guztiei, akorduagatik eta Mendaron jaso duen "arreta eta tratu onagatik", eta lehertu da jaia plazan.
Idurre Arriola eta Gartxot Fidalgok Katasorginaren kantua interpretatu dute udaletxeko balkoitik, eta agertu da Katasorgina alkatearen balkoian. Astiro-astiro jaitsi da Katasorgina plazako oholtzaraino, ohi duen gisan, eta berehala ekin diote Bizi Poza txarangakoek jaia girotzeari.
Buruhandi berriak
Txarangakoekin batera irten dira plazara Konpartsa Taldekoak, lau erraldoi, bost buruhandi eta bi zezenzikletarekin. Gaur, bi buruhandi estreinatu dituzte gainera, bi iratxo, eta zezenzikletak ere estreinakoz irten dira, santanetan. Herriko Enparantzatik Mendarozabalera arte egin dute plazan bildutakoek, txarangaren atzetik, eta gozatu dute haurrek erraldoiengandik ihesi korrika.
Bitartean, udaletxean, 2023an jaiotakoei harrera egin die udal korporazioak eta montxorra egin dute, garai bateko atsolorretan bezala.
Lerro hauek idazterako unean iderbeltz erromeria taldekoak ari dira plazan, eta ondoren Davila DJaren saioa dago iragarrita.
Bihar, (eguena) berriz, Santixago Eguna ospatuko dute mendaroarrek. Hona biharko egitaraua.
- 11:00 Puzgarriak, ikastolako frontoian
- 12:30 Meza, Garagartzako parrokian
- 13:00 Elgoibarko Udal Musika Bandaren kontzertua, Herriko Enparantzan
- 18.00 Verdini dantza taldearen emanaldia, frontoian
- 19:30 'Gurpil gainean' kale antzerkia, Mendarozabalen hasita
- 22:00 Nagusien danborrada
- 00:00 Erromeria Lisker taldearekin.