Nola hartu duzu txupinero izateko proposamena?
Garbi esango dizut: ilusioa egin dit, handia, baina urduri nago; nik ez dut halako gauzetarako balio. Ez naiz ni ohore handien zale, eta ez nuen, gainera, imaginatu ere egingo halako lanetan jarriko nindutenik sekula.
Ez da estreinako aldia jai batzordean zure izena aipatu dena ba txupinero izateko! Ez dakit zer duzun, baina bistan da Mendaron estimuan zaituztela ume, gazte nahiz helduek.
Zer esango nizut ba nik! Nik neuk ere hori sentitu dut Mendaron, etxeko hartu nauzuela, baina ez dut nik apartekorik egin horretarako, lanetik aparte. Ahal baldin badut, laguntzekoa naiz, lanari ekitekoa, eta hor ere beti saiatu naiz hortan. Ibili ere egunero ibili naiz kalean, eta ezagutu ere denek egiten naute, txiki-txikienetatik
hasita. Eta normala ere bada umeek ezagutzea, Haurreskolan eta eskolan ere ibiltzen garelako, hau edo bestea konpontzen. 2008an Mendarora iritsi nintzenean, hori bai, herri tristea iruditu zitzaidan. Aitor Errazu eta Inge Ugalderekin batera hasi nintzen udaletxean. Aurrez, Hernanin aritua nintzen eta han askoz kuadrilla handiagoa ginen lanean ere, eta beti zegoen saltsa handiagoa, herria bera ere handiagoa delako, baina orain, ez nuke beste ezergatik aldatuko hemengo lana. Herri txikian denak dira gertukoagoak, eta hori batzuetan gerta daiteke pisua, baina gehienetan onerako izaten da. Herritarrek udaletxean bestela esango ez lituzketen gauzak ere kontatzen dizkigute guri konfiantza giroan. Konfiantza hain izaten da handia, gertatu izan zaidala noizbait etxeko argiren bat aldatzeko eskatzea ere, kalean antzeko lanen baten ikusita. Eskatu izan didate noizbait etxe atariko belar-zatia mozteko ere, jabea gerriko minez dagoelako. Halakoak asko. Eta berez ez dira gure lanak, baina nik ikusi badut edade handikoren bat edo ezinean dabilen norbait eta neu libre egon, ez dut dudarik egin sekula.
Nola bizi ditu brigadako langile batek jaiak?
Zuk ere ondo dakizu zer den beste guztiak parranda giroan dabiltzanean norbera lanean aritzea, eta gu halaxe ibili gara beti santanetan. Beti izaten da lan gehiago jaietan, eta ardura ere bai, gauza asko lotu behar izaten direlako, baina urte batzuk badira honetan ari garela eta hartu diogu tamaina ere. Gutxi-asko jakiten dugu zer
datorren eta aurretik hasten gara prestatzen, baina beti izaten dira ezustekoak ere, eta erabiltzen dugu ardura pixkat, bai. Iaz, esaterako, urduri hasi genituen jaiak, kultur teknikaria ere falta izan genuelako denboraldi luzean eta hark ere lan handia kentzen digulako guri, baina esan beharra daukat herritarrek izugarri ondo erantzun zutela eta lagundu zigutela asko. Gazteen Eguneko bazkarian, kuadrilla egunekoan, umeen egunekoak... asko lagundu zigun gazte-jendeak eta oso eskertuta gaude.
Txupinazoa bera ere urtero ikusiko zenuen ziurrenik, eta hortarako ere prest egongo zara orduan. Pentsatu al duzu zer esan edo?
Hori ez ba, eta horretxek nauka urduri! Zer esan behar dut ba nik! Nik baino gehiago esateko duenik egongo da Mendaron. Baina, tira, han plazan jaiak hasteko zain dagoenak ez du diskurtsorik entzun nahiko eta... lau hitz bota eta aurrera! Mendaroar denentzat jai zoriontsuak izan daitezen nahi nuke. Elkarrenganako errespetuan,
goza dezatela herritarrek beren jaiez. Garbi daukat herritarrek egiten dituztela jaiak handi eta aurten ere jai bereziak izango direla Mendarokoak. Txupina botatzeko momentuan alkatearen balkoian egoten naiz ni normalean, Katasorgina bota zain. Aurten ezberdina izango da, bai. Lasaiago nengoke aurten ere Katasorginaren ondoan, han ere izaten den arren kezkarik, katean ez trabatzeko.
Santanetatik zer gustatzen zaizu zuri gehien?
Santa Ana egunez Santa Ana ermita inguruan egoten den giroa gustatzen zait gehien. Azkeneko pare bat urtean Garagartzan hasi da egun hori, baina han goikoa berezia izaten da. Bertsolariak, trikitilariak, txosna... Santa Anan sortzen den giro hori berezia da oso. Beti ez dut ondo pasatu nik neuk han, beti izaten delako mikrofonoekin eta megafoniarekin gorabeheran bat eta ez naizelako ni gauza horietan abilena, baina tira, barre ere egiten dugu horren kontura. Akordatzen naiz urte batean Andoni Egañak jarri zuen saltsarekin. Haririk gabeko mikrofonoa eman genion eta sakatzen zion hark isiltzekoari Sebastian Lizasok pasatzen zion aldiro, eta ni urduri, non sartu ez nekiela. Bazekien hark ondo, baina, zertan zebilen. Txantxetarako gogoz Egaña, eta ni konturatzerako, jende guztia barrez lehertzear. Itzela da han bertsolariek jartzen duten giroa.
Brigadako langile batek izaten al du jaietan jai egiteko tarterik? Aurten, txupinero izanda, akaso parranda bat edo beste egin beharko duzu, ala?
Bai, bai. Hainbeste urtean jendea ere ezagutu dugu eta beti izaten da txorizo-mutur bat edo baso bete txakolin eskaintzen digunik, beti tentatzen gaituenik. Eta aurten ez dakit ba. Bajan nago eta gauza handirik ezin behintzat. Sanjoanetan ere izan nuen Mendarora joateko tentazioa, gustatzen zait-eta hango jaia, baina ibili nintzen bai eta ez, eta azkenean etxean gelditu nintzen. Ondo irten zela jakin dut, eta horrekin pozik nago, baina.
Lanean kalean dabilenak beti ikusten du gauza gehiago eta hamasei urte hauetan zer uste duzu aldatu dela Mendaron?
Ba gauza nabarmen bat bada: orain euskara gutxiago entzuten dela. Atentzioa deitu izan dit kalean eta eskolako jolastokian zenbat erdara entzuten den gaur. Kanpotik etorritako jende gehiago ere ikusten dut.
Gizon serioaren itxura daukazu?
Itxura, oraintxe esan duzu. Ni parranda asko egindakoa naiz gazteagotan. Arrua Behekoa naiz eta egin ditut neuk ere, baina Mendaron beti zaindu dut gehiago hori, gero, egunero hor nagoelako denen aurrean lanean. Jakingo du jendeak bereizten, baina neu naiz halakoxea.