Aurtengo Nicanor Zabaleta Beka Nerea Arriola Mendieta (Mendaro, 2002) biolin-joleari ematea erabaki dute antolatzaileek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduak eta Kutxak.
Harpa-jotzaile entzutetsua izan zen Nicanor Zabaleta musikari donostiarraren izena darama beka honek eta bere memoria ohoratzeaz gainera, lurraldeko talentu gazteei laguntzeko sortu zuten. "Nerea Arriola dedikazioaren eta talentuaren adibide da. Harro gaude Nereari musika bikaintasuna lortzeko bidean laguntzeaz", adierazi du Goizane Alvarez Kultura diputatuak.
15.000 euroko beka
Beka 15.000 eurokoa da eta bi zatitan banatuko dute: % 60 dirulaguntza ematen den unean eta gainerako % 40a eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren, datorren urteko azaroaren 30a baino lehen.
Juan Jose Ocon Arza, Larraitz Oiartzabal Zuriarrain eta Itxaso Sainzek osatutako aditu-batzordeak ebaluatu zituen bekara aurkeztutako hautagaitzak, Javier Sanchez Payo idazkariaren zuzendaritzapean. Musikenen egindako proba praktiko batekin amaitutako hautaketa prozesu "gogor" baten ostean, Nerea Arriolak lortu zuen puntuaziorik altuena (43 puntu). Jakitera eman dutenez, bere talentuagatik, ikastegiaren ospeagatik, curriculumagatik eta euskararen ezagutzagatik nabarmendu zen. Ekhi Martinez Imai, Mireia Coma Casellas eta Claudia Paula Besné Villanueva izan dira Nicanor Zabaleta beka lortu duten azken musikariak.
Nerea Arriola: "Guztiz motibatuta eta indartsu sentitzen naiz nik ahal dudan mailarik gorenera iristeko"
Nerea Arriolak eskerrak eman dizkie Nicanor Zabaleta bekaren jabe izendatzeagatik. Bekari esker, biolin ikasketekin jarraitu ahal izango du Lausanneko Haute Ecole de Musique-n. “Ohore handia da niretzat, gipuzkoarra izanik beka hau jasotzea, ez bakarrik nire prestakuntzarekin jarraitzeko aukera emango didan laguntza ekonomikoagatik, baita musikari handi baten izena daraman beka delako, Nicanor Zabaleta erreferentea baita munduan. Eskerrik asko nire gaitasunean sinisteagatik eta nire ahaleginaren balorazio horren ona egiteagatik, guztiz motibatuta eta indartsu sentitzen naiz nik ahal dudan mailarik gorenera iristeko”, adierazi du Arriolak.
Ibilbide nabarmena osatzeko aukera
Arriola musikariz osatutako Mendaroko familia bateko kidea da, eta dioenez bost urte zituenetik du biloninista izateko ametsa. Harrezkero, ibilbide nabarmena egitea lortu du. Ohorezko Matrikula erdietsita amaitu zuen Musikeneko Gradua, Tatiana Samouil irakaslearen tutoretzapean, eta Rolleko (Suitza) International Menuhin Music Academyn jarraitu du bere formakuntza, guztizko beka batekin. Bertan, Renaud Capuçon, Oleg Kaskiv eta Guillaume Chillemme gisako irakasle ezagunekin ikasi du. Bere hurrengo helburua Lausanneko (Suitza) Haute École de Musiquen (HEMU) Biolin Interpretazioko Masterra egitea da, Renaud Capuçon eta Francois Sochard irakasleekin.
Irakurri hemen Yehudi Menuhin biolin-jole ospetsuak sortutako nazioarteko akademiarako hartu zutenean BARRENi eman zion elkarrizketa: