Urrian hasiko ditu ikasketak Yehudi Menuhin akademian, eta ikasten jarraitzeko "aukera paregabea" izango duela sinetsita dago.
• Egin daigun atzera begirako bat lehendabizi.
Mendaroko Ameikutz musika eskolan hasi nintzen biolina ikasten 4-5 urterekin, aitarekin. Eta ezer baino lehen, horixe aipatu nahi nuke: zorte handia dela gurea bezalako herrietan musika eskolak izatea. 11 urterekin, estreinakoz, Euskadiko Ikasleen Orkestrarako hartu ninduten eta Raff aela Acella irakaslearekin urte batzuk ikasi ondoren, Mendarotik kanpora hasi nuen ibilbidea. 16 urterekin Musikenen eman nuen izena, eta lau urteko goi mailako ikasketak egin ditut han. Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia da; sekulakoa da. Atzerritik jende asko etortzen da Musikenera, oso irakasle onak ditugulako hemen. Biolin-jole eta pertsona gisa asko ikasi dut Musikenen. Tatiana Samouil biolin-jolearekin egin ditut azkeneko bost urte hauek. Belgikar-errusiar bakarlari eta pedagogo ezaguna da Samouil eta Queen Elisabeth Music College eta Ambereseko Errege Kontsebatorioan ere irakasten du. Primerako irakaslea da Tatiana. Era berean, eta beste batzuen artean, Irini Gaitani piano irakaslea ere izan dut lagun. Plazer handia izan da maila horretako irakasleak izatea ondoan.
• Munduko musika akademia onenetako batean hartu zaituzte orain. Kontaguzu.
Bai, Yehudi Menuhin giza-balio handiko musikariak, munduko biolin-jole onenetakoa izan zenak (1916, New York-1999, Berlin), eta Alberto Lysy Argentinako biolin-jole handiak (1935, Buenos Aires- 2009, Suitza) sortutako akademian hartu naute, Suitzako Menuhin nazioarteko akademian. Akademia horrek astebeteko egonaldiak antolatzen ditu musikarientzako. Rencontres Musicales edo topaketa musikalak deitzen diote eta mundu osoko jendeak ematen du izena hara joateko. Ez dituzte izena emandako denak hartzen, baina. Hor sartu ahal izateko grabazio bat bidali behar izaten da curriculumarekin batera, eta aukeratzen dituzte gutxi batzuk haiek. Eta neuk ere eman nuen izena, hartuko ninduten itxaropen handirik gabe egia esan, baina hara non hartu egin nindutela. Punta-puntako biolin-joleak daude han irakasten: Renaud Capuçon, Oleg Kaskiv, Guillaume Chilemme, Gerard Causse eta Olga Sitkovetski, batzuk aipatzearren. Astebete egin nuen han, musikari horiekin ikasten.
• Zer da zuretzat Suitzara joateko aukera hau?
Maila horretako musikariekin lan egin ahal izatea zirraragarria da. Campusa bera oso lasaia eta egokia da lan egiteko. Hala ere, gehien harritu ninduena bertako baloreak izan ziren: kultura guztiak baloratzen eta errespetatzen dituen fi losofi a, nahiz eta kultura horiek txikiak edo desberdinak izan. Sekula ahaztuko ez dudan esperientzia izan zen. Goizetan eskolaren bat izaten nuen edo bestela arratsaldeko eskolarako entsegatzen nuen, eta ondoren, ganbera-musika egiten genuen. Lagun talde bat batzen ginen, elkarrekin entsegatzen genuen, eta gero, pieza hori aurkezten genuen. Musikaren bueltan antolatzen genuen eguna, baina turismoa egiteko edo lagunekin irteteko tarteak ere izaten genituen. Egonaldi horretako azken egunean audizioak antolatu zituzten, akademian sartzeko hautaprobak. Han egonda baneukan aurkezteko tentazioa, baina akordatzen naiz etxera deitu nuela gurasoei galdetzeko ea gai ikusten ninduten edo ea zer iruditzen zitzaien. Guztira, 30 bat bekadun daude akademian musika ikasten, eta urtero pare bat berri hartzen dituzte. Gurasoekin hitz egin nuen eta animatu ninduten; behin han egonda saiatzeko esan zidaten, galtzekorik ez neukala-eta. Halaxe, beste askorekin batera, izena eman nuen nik ere, baina esperantzarik gabe, eta biharamunean bertan idatzi zidan irakasleak hartu egin nindutela esanez. Zoriontsu sentitu nintzen.
• Dena ez da zorte kontua izango!
Ez, ez da. Lan handia egin dut, hori badakit, baina zortea ere behar izaten da eta hori ere alde izan dut. Ez nuen espero egonaldi hura egiterik eta are gutxiago akademiarako hartzerik. Urriaren 4an hasiko dut han ikasturtea eta ikasketak hiru urtekoak izango dira, beti ere ondo moldatzen banaiz eta hango egitaraua gainditzen badut. Hiru urterako beka da eman didatena. Zer gehiago nahi dut ba nik? Munduko irakasle onenetarikoak izango ditut eta Suitzan emango ditut hiru urte. Nire ametsik onenetan ere ez zegoen halakorik.
*Argazkiak: Jairo Berbel.