Dislexiaren Erronka Gipuzkoan izenburuko hitzaldia eman zuen atzo San Agustin kulturgunean Carmen Anderson Dislegi elkarteko idazkari eta dislexiadun bi semeren amak. Sarrerakoa, baina, Deñe Zabalok eta Inge Segurolak egin zuten. Dislegi Debabarrenako idazkaria eta lehendakaria dira, hurrenez hurren, Zabalo eta Segurola, eta elkartearen egitekoak azaldu zituzten, Andersoni hitza eman aurretik, bai eta eskerrak eman ere Garagardo azokaren antolatzaileei eta elkartearen jarduna diruz babesten duten guztiei.
Andersonek azaldu zuen jatorri neurobiologikoko nahasmendua dela dislexia, irakurketarekin eta idazketarekin lotutako hizkuntza-trebetasunei eragiten diena, batez ere diskriminazio fonologikoari, epe laburreko memoriari, deskodetzeari, sekuentziazio fonologikoari eta letren ezaugarrien pertzepzioari. Argi utzi zuen dislexia ez dela gaixotasun bat eta, beraz, ez duela sendabiderik. Sortzetiko nahasmendu bat da dislexia, hamar lagunetik bati eragiten diola uste dena nahiz ez dauden, zoritxarrez, horrenbeste kasu diagnostikatuta, eta ez dauka adimen-gaitasunarekin loturarik; alegia, dislexia duten pertsonak gainerakoak bezain argiak dira, eta gainera, dislexia duten pertsonen ehuneko esanguratsu batek gaitasun handiak ere baditu.
"Dislexia ez da adimen- edo zentzumen-desgaitasuna; ez da motibazio edo arreta falta; ez da heldutasun falta ere, eta ez da, ezta ere, arazo emozional baten ondorioa. Eta jakina, ez da heldutasunarekin gainditzen. Dislexiarekin jaiotzen dena dislexiarekin hiltzen da", nabarmendu zuen Andersonek. Horregatik, ezinbestekoa da dislexia garaiz diagnostikatzea, haur edo gazte horri laguntzeko: "Derrigorra da irakurketan eta matematikan zailtasunak dituzten ikasle guztiak identifikatuta daudela ziurtatzea eta esku-hartze egokia egiten dela bermatzea".
Funtsean, irakurketaren automatizazioan izaten dituzte zailtasun handienak dislexia dutenek, eta horrek hiztegia eta ezagutza orokorra barneratzeko gaitasunean eragiten die. Zailtasunak izaten dituzte ortografiarekin, bai eta testu baten mezua ulertzeko eta beren ezagutzak adierazteko ere, ahoz nahiz idatziz. Horregatik, eskola garaia infernu bilakatzen zaie askori, saiatuena denak ere emaitza akademikoetan ez duelako beti egindako ahaleginaren emaitza ikusten. Eta horrek, jakina, autoestimuan ere eragiten die. Andersonen arabera, hezkuntza-sistema, gaur gaurkoz, ez dago behar bezala prestatuta dislexia dutenen premietarako. Horixe dute erronka nagusienetako bat, eta horretan ari dira lanean Dislegi bezalako elkarteak, hein handi batean: dislexia duten pertsonek ikasteko dituzten zailtasunak ezagutarazten, gizartea sentsibilizatzen eta kolektibo horrentzako aukera berdintasuna lortzeko lanean. Erronkak asko dira, kontzientziaziotik bertatik hasita, eta familien bidelagun izateko sortu dituzte elkarteak. Dislexia dutenek logopeda, psikologo eta beste espezialista batzuen laguntza behar izaten duten bizitzan zehar eta hori karga ekonomiko handia bihurtzen da familientzat. Erronkak, beraz, asko dira eta banan-banan aletu zituen Andersonek ordu t'erdiko hitzaldian. Ondoren, Oihana Tarragual aurkezleak Lide Gamboa dislexiadun gazteari eman zion hitza. Gamboak bere bizipenetatik jardun zuen, Tarragualek egindako galderei erantzunez. Goi mailako ikasketak ditu Gamboak eta zailtasunak dituzten ikasleei laguntzen dihardu egun. Eskola-garaian bizi izandako neke eta frustazioez aritu zen Gamboa eta gomendio bat ere eman zuen dislexia duten haur eta gazteen guraso eta senitartekoentzat: pazientzia izateko eta batez ere, ez estutzeko, ez presionatzeko gazteak; emateko bitartekoak eta laguntzeko ahal den neurrian ikasle horien autoestimua indartzen.
Hitzaldia eta gero, frontoian afaldu zuten atzo hitzaldira batu zirenek eta beste hainbat herritarrek. Atzo gauekoa izan zen garagardo azokaren baitan frontoian zerbitzatu zuten estreinako otordua.
Gaur, Enpresen Eguna
Gaur, Enpresen Eguna ospatuko dute. Bazkaritan eta ondoren, jolasak eta opariak ere izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Goiz partean, berriz, eta Galle-Tiaken eskutik, gozogintza tailerra egingo dute, eta hara batuko dira Mendaroko udalekuetako haurrak ere. Gogoratu, era berean, 18:00etan zabalduko dutela dislexiari buruzko erakusketa jubilatuen ondoko lokalean, eta Esther DJaren saioa ere izango dela Uztargin, 18:00etatik 20:00etara, eta gauerditik aurrera.