Mont Blanceko ultratraileko zirkuitu barruan jokatzen diren proben artean Europako txapelketa ere bazen Aran bailaran jokatutakoa eta lehen hamar sailkatuek zirkuituko munduko txapelketan, Mont Blanceko ultratrailean, lehiatzeko txartela ere eskuratu zuten.
Sei distantziatan lehiatu ziren mendi lasterkariak, eta Camins d'Hèr (CDH) proban hartu zuen parte Vibram taldeko Maite Maiorak, 110 kilometro (6400 metroko desnibel positiboa) ibilbidean. 1.190 antxitxikari lehiatu ziren, eta lehen kilometroetan lasterketa buruan joan zen Maiora, Silvia Puigarnau kataluniarra eta Allison Baca estatubatuarra atzetik zituela. Mendaroarrak 30. kilometro ingurura arte eutsi zion lehen postuari, Coth de Varradòs parera arte. Une horretan erritmoa bizitu eta aurkariak atzean laga zituen Bacak. Erasoa jotzeko goizegi zirudien arren, Puigarnau eta Maiorarekiko aldea gizendu zuen amerikarrak, eta alde handiarekin ailegatu zen Vielhako helmugara, 14 ordu, 44 minutu eta 51 segundoko denbora eginda. Ez zuen Katie Schidek eginiko probako errekorra ondu: 13:06:34. Irabazlearengandik ia 45 minutura ailegatu zen helmugara Silvia Puigarnau (15:29:21), eta hirugarren postuan ailegatu zen Maiora, iaz egin zuen laugarren postua eta denbora -segundu batzuetan- onduz. Hirugarren postuarekin pozik dagoen arren, babesa eman diotenei oparitzeko postu hobeagoa eskuratu izana gustatuko litzaiokeela aitortu du Maiorak, "oso urrutitik bisitan etorri zaizkidan lagunei, beti nitaz kezkatuta dagoen familiari eta, nola ez, nire babesleei eskaintzeko".
Austrian jokatu zuen aurreko lasterketan etenik gabe egin zuen euria eta lokatzak baldintzatu zuen proba izan zituen oztopo nagusi Maiorak, eta eguzkia eskatu zuen hurrengorako, Aran bailarako ultratrailerako. Tenperatura beroak eduki zituzten, eta ozta-ozta libratu ziren ekaitzetatik. Ibilbide luzeeneko proba (Torn dera Val d'Aran, 156 km.) bertan behera laga behar izan zuten antolatzaileek ekaitz arriskuagatik.
Abuztuaren 26tik irailaren 1era Chamonixen jokatuko duten Mont Blanceko ultratraila da Maite Maioraren denboraldiko helburu nagusia, eta Val d'Araneko lasterketa egokia da norbere sasoia neurtzeko, ze puntutan dagoen jakiteko.