Baldintza gogorretan egin zen lasterketa: euria goian behean, tenperatura hotzak eta haize indartsua. Gainera, ibilbide lokaztuak are gehiago zaildu zuen proba. Austriako Alpeetako mendi garai, laku eta basoetan barrena aritu ziren antxitxika 105 kilometroko ibilbidean, eta Fiona Pascall moldatu zen hobekien aipaturiko baldintzetara. Britaniarrak 12 ordu eta sei minutuan osatu zuen proba. Claudia Chemielowska poloniarra sailkatu zen bigarren (12:44:42), eta Maryline Nakache frantziarra hirugarren (12:52:32). Maite Maiora laugarren postuan helmugaratu zen, 13:10:55eko denborarekin.
Inoiz ez bezalako baldintzak
Maite Maiorak adierazi duenez, sekula ez du horrenbeste lokatz zegoen mendi lasterketarik jokatu. "Hamahiru ordu korrika eta euriak ez zigun atseden une bakar bat ere eman. Mozart lasterketa erritmo onean egiteko modukoa zela esana zidaten bai, baina pista eta asfaltozko zatietara iristeko irrikaz nengoen, estreinakoz!", idatzi du sare sozialetan. Eguraldi iragarpenak ezagutzen zituzten arren, erabili zuen taktikarekin ez zuela asmatu aitortu du antxitxikari mendaroarrak. "Indarrak gordetze aldera, hasieran erritmo motelagoa eramatea erabaki nuen, eta hoztu egin nintzen. Lasterketa irabazteko aukerek ihes egin zidatela ikusita, bizirautea izan zen nire helburua eta helmugara iristeko borroka izan zen hortik aurrerakoa". Teknologia aurreratuenarekin egindako mendiko oinetakoak erabiltzen dituzte mendi lasterkariek, baina lokatzaren ondorioz horrenbeste eroriko eta irristaldi ikusita, Maiorak dio txankletekin ari zirela korrika ematen zuela.
Aran bailaran jokatuko duten HOKA Val d'Aran mendi lasterketan parte hartzeko asmoa du Maiorak, uztailaren 3tik 7ra, eta eguzki pixka bat bakarrik eskatu du harako.