Antolakuntza eta Lurralde batzordeetako kide eta EAJko taldearen bozeramailea izan da legegintzaldi honetan Iñaki Arregi, eta Herritartasun batzordeko kide Nuria Guerola. 2015ean aurkeztu zen estreinakoz Arregi udal bozetarako EAJren zerrendetan eta 2019an alkate izendatu zuten. Nuria Guerola, berriz, iaz aurkeztu zen EAJren udal zerrendetan, eta iazko uztailean zin egin zion karguari.
Kargua uzteko arrazoiez galdetuta, ohar bateratu baten bidez erantzun dute "arreta eta erabateko dedikazioa eskatzen duten arrazoi pertsonalengatik" utzi dutela kargua, beren beste ardurek zinegotzi gisa bete behar dituzten eginkizunak egoki betetzen jarraitzea eragozten dietela arrazoituta. Aipatu dute "pribilegioa" izan dela herritarren eta Udalaren alde lan egitea eta eskerrak eman dizkiete gainerako zinegotziei, Udaleko langileei eta bereziki herritarrei, eurengan jarritako konfiantzagatik. Mendaro eta mendaroarren etorkizunerako onena desio dutela esanez agurtu dituzte herritarrak.