Maiatzaren 24an hasi zituzten Santa Ana berritzeko obrak Mendaron Egurki enpresakoek, Gipuzkoako Ondare Historiko-Artistikoa Saileko arkitektoek jarritako baldintzak betez. Erretila berria egin, egoera txarrean dauden egurrak aldatu eta beste lan osagarriren bat zituzten egitekoak, baina teilak kendu dituztenean bestelako kalte batzuk ere agertu dira, eta horrek aldaketak ekarri ditu. Obra bera zaildu eta garestitu egin da, eta ondorioz, kontratu txiki bidez egitekoa zuen obra lizitaziora atera beharko du Mendaroko Udalak.
Teilak kendu dituztenean ikusi dute teilapeko taula sitsak janda dagoela eta gapiriotako batzuk ere hondatuta daudela. Beraz, Gipuzkoako Ondare Historiko-Artistiko Saileko arkitektoek aurreikusitako lanak konplikatu egin dira. Teilapeko taula eta egoera txarrean dauden gapirioak aldatzeak aurrekontua garestitu du, eta horrek obra geldiarazi, proiektu berria idatzi eta exekuzio proiektua lehiaketa publikora ateratzera behartu du Udala. Momentuan teilak kenduta dituzte Egurkikoek eta sakristiako teilatua bukatzen ari dira, hor ez dutelako arazorik izan aurreikusitako lanak amaitzeko, baina gainerakoan etena egingo dute. Dena atzeratzea ekarriko du horrek, eta beraz, litekeena da santanetarako ez amaitzea.