Atzo, goizaldeko seiretan hasi ziren lanean. Zapatutik Mendaron zegoen corten altzairuzko pieza ekarri zuen trailerra, Intxusaiko aparkalekuan, eta goizean goiz ekin zioten atzo lanari. Horretarako, biribilguneko eraztunaren zati bat itxi egin behar izan zuten, garabia jartzeko, eta zirkulazioa seinaleen bidez antolatu zuten. Iluntzeko 19:00ak aldera arte luzatu ziren lanak.
Zubian egitekoak zituzten obren berri aurreratu zutenean, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek azaldu zuten hiru helburu izango zituela obrak: egituran atzeman zituzten arazoak konpontzea; euste-sistema sendotzea, gaur egungo legediaren arabera ez dituelako gutxienekoak betetzen; eta zerbitzu guztiak ordenatzea. Euste-sistema sendotzeko zubia zabaltzen ari dira, eta horretarako 50 metro inguruko corten altzairuzko egitura jarri dute. Egitura horrek sostengu propioa du, eta beraz ez dio kargarik suposatzen egungo zubiari. Gaur, 9,9 metrokoa da plataforma osoa: 6,90 metro ditu galtzadak eta 1,5 metroko espaloiak alde banatan. Obra bukatutakoan 13,2 metro zabal izango da plataforma: 7,5 metro izango ditu galtzadak eta bi metrokoak izango dira espaloiak. Espaloia eta galtzada bereizteko eta segurtasuna hobetzeko, babesak jartzeko asmoa dute.