Datorren astean hasiko dituzte Mendaron herrira sartzeko zubia berritzeko obrak

Barren.eus 2023ko ira. 14a, 13:20

Eguna zehaztu ez duten arren, obrak datorren astean hasiko dituztela jakinarazi du Maria Ubarretxena Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako foru diputatuak eta zortzi bat hilabete beharko direla amaitzerako.

Datorren astean hastekoak dituzten obren atariko bisita egin du gaur Mendarora Maria Ubarretxena Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako foru diputatuak, eta han, Enetz Ezenarro alkatearekin batera emandako prentsaurrekoan adierazi du zortzi hilabetez luzatuko direla obrak. Horrenbestez, pazientzia eskatu die herritarrei, tarte horretan sortuko diren eragozpenengatik, obrak trafiko irekiarekin egin beste aukerarik ez dagoelako.

 
Pozik agertu da Enetz Ezenarro Mendaroko alkatea, obra honekin "urte luzez mahai gainean egon den eskariari erantzuna" emango zaiolako. 1976koa da zubia, eta pitzadurak eta hezetasunak eragindako kalteak atzeman zizkioten Bide Azpiegituretako teknikoek aldiro-aldiro egiten dituzten ikuskapenetan. Aldunditik esana zuten zubiak ez zuela egiturazko kalterik, baina inbertsioa egitea erabakia zutela, funtsezko azpiegitura bat delako eta oso erabilia. Uholdeentzat oztopo zela iritzita harrizko zubi zaharra eraistea erabaki zutenetik, Garagartza, Mendarozabal eta Herriko Enparantza 634 errepidearekin lotzeko dagoen bide bakarra da zubi hau. Horregatik jo du beti Mendaroko Udalak estrategikotzat zubia konpontzea, herriaren ongizaterako eta garapen sozial eta ekonomikorako egoerarik onenean mantentzeak berebiziko garrantzia duelakoan. Hala iritzi dio Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, eta 2.125.258 euroan lizitatu du obra. 
 
Hiru helburu ditu obrak: egituran atzeman dituzten arazoak konpontzea, euste-sistema sendotzea, eta bertatik pasatzen diren zerbitzu guztiak ordenatzea (telefonoa-sarea, ur-hoditeria...). Zubiaren euste-sistema sendotuko dute beraz, gaur egungo legediaren arabera ez dituelako baldintza guztiak betetzen. Homologatutako euste-sistema gehituko diote hortaz eta horretarako egingo den obra baliatuz galtzadako taula bera eta bi espaloiak ere handituko dituzte. Egitura sendotzeko corten altzairuzko egitura bat jarriko dute, sostengu propioduna, zubiari lehenaz gain pisurik ez gehitzeko. Zubiaren bi muturretan finkatuko da egitura hori, eta erdian euskarri bat izango du. Erditik alde batera 40 bat metroko bao bat sortuko dute, eta beste aldera, hogei metrokoa. Modu horretan karga arinduko zaio zubiari. Espaloiak, berriz, bi metroraino zabalduko dituzte (gaur egun, 1,5 ingurukoak dira). Nabarmendu dute ez dela obra erraza,  batetik, Deba ibaiaren, ibai ertzeko pasealekuaren eta trenbidearen gainean eraikita dagoelako zubia, eta bestetik, derrigortuta daudelako trafikoa eten gabe egitera lanak. Ez dugu ahaztu behar Mendaroko hiru auzotara ez ezik, bi industrigunera eta eskualdeko ospitalera iristeko ere sarbide bakarra dela gaur-gaurkoz. Eta hain justu ere, sortu daitezkeen eragozpenak izan ditu gogoan foru diputatuak. Aipatu du errei bat moztuko dutela une askotan eta bypass bat egotea ohikoa izango dela. Horren harira esan du Mendaroko Udalarekin nahiz Mendaroko ospitaleko arduradunekin harremanetan egingo direla uneoro Bide Azpiegituretako saila nahiz obraren arduradunak, aurreikusi daitezkeen trabak aurreikusi eta gertatzen direnen berri emateko. 
 
Ezenarrok ere pazientzia eskatu die herritarrei, zubia baldintza egokietan izatea ezinbestekoa delako Mendaroren garapen sozial eta ekonomikorako eta gogoratu du urteetako eskaera bati erantzungo diela obrak. "Mendarok azken hamarkadetan izandako eraldaketari erantzuteko, herrirako beste sarrera bat planteatzeaz gain, ezinbestekoa da lehendik dauzkagun funtsezko azpiegituren mantenimendu eta berritze egoki bat egitea", adierazi du, eta eskerrak eman dizkie, bide batez, proiektu hau bideratzen lan egin duten pertsona guztiei. Era berean, zehaztu du obrak iraun bitartean, litekeena dela pareko aparkalekuan ere ibilgailuentzako leku batzuk okupatzea, obrako langileentzako etxolak-edo beste jartzeko.