2008an jokatu zuten estreinakoz Madeirako Island Ultra Trail lasterketa eta izugarrizko hazkundea eduki du harrezgero. Atzo amaitu zuten edizioan 58 herrialdetako 3.500 lasterkarik hartu zuten parte distantzia desberdinetako lasterketetan. Proba izarra, baina, 115 kilometrokoa da, ezaguna mundu guztiko mendi lasterkarien artean, bere malda pikoengatik eta ibilbide ikusgarriagatik. Porto Monizetik abiatzen da lasterketa eta Machiconen amaitu, bidean Pico Ruivok dituen 1760 metroraino igoz. Orotara, 7090 metroko desnibel positiboa du Portugalgo uharte honen bizkarrezur malkartsua zeharkatzen duen ibilbideak.
Maite Maiorak ezaguna zuen ibilbidea, 2019ko edizioan lehiatu baitzen, eta antxitxikari mendaroarrak laugarren postua eskuratu zuen orduan. Oraingoan postu bat gora egin eta podiumera igotea lortu du, hirugarren kaxoira. Mundu mailako espezialistarik onenak lehiatu dira emakumezkoen proban eta lehia estu baten ostean, Martina Valmassoi (Italia, Salomon) gailendu da, 16:14:10ko denborarekin. Hamalau minutura helmugaratu da bigarren egin duen Anne-Lise Rousset (Frantzia, Scott). Roussetek lehia estua eta emozioz betea eduki du Näak taldeko korrikalari Maite Maiorarekin. Indartsuago hasi da frantziarra, baina gaua luze egin zaio eta atzetik aurrera eginez aldea jan dio Maiorak, bigarren postua kentzeko nahikoa izan ez den arren. Fiona Porte italiarra sailkatu da laugarren postuan.
Ahaleginean zeukan dena eman duela esan du Maiorak. "Irteeratik bizirauteagatik izan da nire borroka, bai aurrenekoen arteko lehian eta bai eguraldiak jarri dizkigun oztopoei aurre egiten ere, une latzak pasa baititugu tontorretan bereziki". Azken 25 kilometroak egin zaizkiola gogorrenak aipatu du eta zoriondu egin ditu Valmassoi eta Rousset, egin duten lasterketa apartagatik eta probako dominatzaile nagusiak izateagatik.
Denboraldiko bigarren nazioarteko lasterkerta zen honakoa Maiorarentzat. Lehenengoan, Italiako Toscana eskualdean jokatu zuten Chianti Ultra Trail lasterketan, laugarren postua eskuratu zuen.
Argazkiak: fotoiosu_photography