Udaberria hasi dute Motxailek

Barren 2024ko mar. 19a, 13:21

Eguna baino lehen hasi dute udaberria Mendaroko motxailek aurten. Zerua motxailen aterpe bertso saioarekin hasi zituzten ospakizunak barikuan eta Aitzbeltz kobazulora egindako irteerarekin ekin zioten jai-usaineko zapatu luzeari. 

Barikuan, bete egin zen San Agustin kulturgunea bertso-saiorako. Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Amets Arzallus eta Julio Soto jardun ziren bertsotan, Ainhoa Urbieta gai-jartzailearen agindutara. Umoretik egin zuen saioak. Tartean, Eusebio Mugertza Txirristaka bertso-jartzaileari, Korrikari eta Amagoia Basurtok propio Motxaila Egunerako sortutako eskultura edo artelanari, Kilimonari, kantuan jarri zituen Urbietak bertsolariak. Saioan, Mendaroko bertso eskolako ikasleek ere parte hartu zuten. Txaloka hartu zituen publikoak bertsolari gazteak, besteak beste arratsalde horretan bertan Gelatik Plazara sariketan parte hartuak zirelako guztiak eta haietako hiruk apirilaren 28an Aretxabaletan jokatuko duten Gipuzkoako finalerako txartela eskuratu zutelako. Bertso eskolako lau zaharrenek bertso bana kantatu zuten, eta bertsolari bakoitzari bina puntu jartzen aritu ziren gainerakoak.


Askotariko ekintzak Aitzbeltzen

Zapaturako, 09:00etan Gaztetxe aurrean elkartzeko ordua jarria zuten Motxaila Elkartekoek Aitzbeltzera igotzeko. Oinez egin zuten hara artekoa, eta kobazuloan ere ez zen musika eta bertsorik falta izan. Han ere egin zioten omenaldia Txirristaka bertso-jartzaileari Motxaila Elkartekoek, jaio zeneko 150. urteurrenaren baitan, eta Inma Mugertza hidrogologoak paisaia karstikoaren eta lurrazpiko uren inguruko azalpenak eman zizkien han bildutakoei. Kobazuloko lanak amaituta, Gaztetxera  jaitsi ziren, bazkaltzera. Kilimona eskultura jarri zuten Gaztetxeko atean, zetozenei harrera egiten, eta giro ezin hobean igaro zuten bazkalordua eta bazkalostekoa. Manex Astigarraga eta Asier Galarzak girotu zuten bazkal ondorena, Patxangoi elektrotxarangakoak iritsi artean. Gaztetxe parean hasi eta kalez kale aritu ziren gero Elgoibarko elektrotxaranga gaztekoak zapatu iluntzea girotzen, jende multzo handi bat atzetik zutela, eta kalekoak eginda, Gaztetxera itzuli ziren gauean berriro, Ortzi eta Kaparrak taldeen kontzertuez gozatzera. Luze jo zuen egunak, baina ez zuten mendaroarrek udaberriko nekerik agertu; bai kontrakoa: poza eta jai-gosea.

*Argazkiak: Motxaila Elkartea eta Barren.