Herriko Antzokiko emanaldiak orduan hasteko neurriak hartu ditu Udalak

Barren 2025ko urr. 23a, 17:48

Azken asteotan film ezagunak proiektatu dituzte Herriko Antzokian -Maspalomas, Karmele edo Ombuaren Itzala, besteak beste-; eta, jende pilaketaren ondorioz, filmak berandu hasi dira. 

Azken asteburuan pelikula orduan hastea erabaki zuten arduradunek, baina artean oraindik jendea ilaran zegoen, txartela erosteko zain. Horrek haserrea eragin zuen ikusleen artean, eta horrelako egoerak sahiesteko neurriak hartuko ditu Udalak.

Kultura Sailetik azaldu dute txarteldegia filma hasi baino ordu erdi lehenago zabaltzen duten arren, jende gehiena azken momentuan azaltzen dela txartela erostera. Txartelak inprimitzeko makinak denbora behar izaten duela zehaztu dute, eta jende asko dagoenean ezinezkoa zaiela ordu laurdenean denei saltzea. Hori dela eta, hainbat neurri hartu dituzte, eta azaroaren 1ean jarriko dira indarrean. Honako hauek dira neurriok:

  1. Filma hasi baino 45 minutu lehenago zabalduko dute txarteldegia, eta emanaldia hasi baino bost minutu lehenago itxi egingo dute.
  2. Horrez gain, larunbatetako txartel salmentaren ohiko ordutegia aldatu egingo dute, eta aurrerantzean emanaldietarako sarrera fisikoak 19:15etik 21:30era salduko dituzte.

Kultura Sailetik gogorarazi dute sarrerak online erosteko aukera ere badagoela herrikoantzokia.eus webgunean. Era berean, Herriko Antzokiko zerbitzuari buruzko kexak kultura@elgoibar.eus helbidera bidaltzeko eskatu dute.