Literatura, antzerkia, zinema, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak nahiz beste arte diziplinetan aritzen diren sortzaileei laguntzeko Elgoibarko Udalak ematen duen dirulaguntza eskuratu dute Ibon Serranok eta Paula Herasek proiektu honetarako. Herriko Antzokiko horma hori apaintzeko, zinemagintzari lotutako irudi bat egitea proposatu zioten Udalari, zehazki Montxo Armendarizen Tasio estreinako fikziozko filmeko irudi bat. Euskal zinemagintzan eta bestela erreferentziazko filma da Tasio, eta aurten 41 urte bete diren arren grabatu zutenetik, oraindik ere gustuko du publikoak. Hala adierazi zuen Patxi Bisquert aktore eta zinemagileak berak, martitzenean, Elgoibarren. Ombuaren itzala bere azken lana aurkeztera etorri zen Elgoibarrera Bisquert, Ongarri Zineklubak eskatuta, baina antzokira sartu aurretik murala ikusteko aukera izan zuen.
Bisquertek aitortu zuen ezusteko handia izan zela beretzat, eta oso eskertuta hitz egin zuen han, artisten aurrean. Artistek eurek ere esker on hitzak izan zituzten Udalarentzat eta Ongarri zineklubekoentzat, proiektu honi emandako babesagatik. Horma irudia amaitzeke dagoela zehaztu dute, eta abendurako guztiz bukatuta egotea aurreikusten dute.
Hona, bideoan, Patxi Bisquertek eta Heras eta Serrano artistek horma-irudiaz eta Tasio filmaz BARRENi azaldutakoak:
Tasio azalberrituta
Iaz, 40. urteurrenaren aitzakian, zaharberritu ere egin zuen Euskadiko Filmategiak Tasio filma Italian, Bolognako L'immagine Ritrovana laborategietan, eta aurten, urriaren 6an, Zinema Espainiarraren Egunean, estatu osoko 40 zinematan proiektatu zuten.